Txokolatezko musika

Errepertorio analogikoa, kakao formatuan. Abesti zaharrak, dastamenarentzat gozagarri. Prenzlauer Berg auzoko txokolategile batek artefaktu berezi samarrak ditu salgai bere dendan: tokatan entzun eta egongelan dantzatu ondoren jan daitezkeen zazpi hazbeteko diskoak.


Beste ‘ismo’ arriskutsu bat bilakatzen ari da turismoa. Baina bidaiariak etxean nahi dituzten aborigenen jazarpena eman baino lehen ere, bazituen munduan ibiltzeak estresez jositako beste hainbat tramite. Nagusiena, senitartekoei falta gabe oroigarriak erostearen xantaia. Berlinen kasuan, harresiaren puskatxo batek edo Ampelmann semaforoen logoarekin apaindutako opariek ideia aproposa dirudite, bazter guztietan saltzen dituztela konturatzen zaren arte. Jasotakoari etxean tokia bilatu behar izaten zaio gainera. Hona hemen aipatu bi eragozpenei aurre egiten dien oparia. Original askoa, eta erabili ondoren desagertu egiten dena.

Wohlfarth Schokoladenen kakao eta azukre ekologikozko zazpi hazbeteko diskoak egiten dituzte. Bakoitzak abesti bat du, hamar eta hogei bider artean entzun daitekeena (disko-jogailuaren, orratzaren pisuaren eta gelaren eta txokolatearen tenperaturaren arabera iraungo du objektuak gehiago ala gutxiago). Musika entzun eta dantzatu, eta txokolatea jan egiten da ondoren. Jaki aparta da gainera: usain sarkorra du, eta kakao zapore purua eta atsegina.

Christoph Wohlfahrt ez da txokolatezko diskoak egiten saiatu den lehena. Bai, ordea, prozedura benetan menderatzea lortu duen bakarra. Lagun batek egindako silikonazko moldeak kakao nahasketa likidoarekin bete, hoztu, eta ezinezko zirudiena lortu zuen. Txokolatearen gainazalean tokatako orratzak behar bezala interpretatu beharreko ildoak sortzeaz gain, moldea askatzerako unean guztia pikutara ez joatea.

Abesti bakoitzak molde berezia behar duenez, eta horrenbeste txokolatezko disko ere saltzen ez dituenez, zortzi abestiko errepertorioa du Wohlfahrtek: Trude Herren ‘Ich will keine Schokolade‘ [Ez dut txokolaterik nahi], The Comedian Harmonistsen ‘Mein kleiner grüner Cactus‘, The Beach Boysen ‘Surfin USA‘, DeJohn Sistersen ‘Hotta Chocolotta‘, The Chordetesen ‘Mr. Sandman‘ [goiko bideoan entzungai], Bill Ramseyen ‘Der Schokoladeneisverkäufer‘ [Txokolate saltzailea], Bully Bulahnen ‘Ich hab noch einen Koffer in Berlin‘ [Oraindik maleta bat dut Berlinen] eta The Four Seasonsen ‘Happy, happy birthday, Baby’. Kantak, Amerikatik ekarritako kakaoa bezala, mimo eta gustuarekin aukeratutakoak dira.

Hamaseina euro kostatzen du disko bakoitzak. Egoki enbalatuta saltzen dituzte (bideorako plastikozko estalkia kendua nion lehenagotik nireari), kutxa batekin, eta eguzkitan edo toki beroetan uztea saihestuz gero ez dira urtzen. Zazpi hazbetekoak dira, eta albo batean bakarrik dute musika. Entzun baino lehen, diskoa hozkailuan sartzea komeni da, apur bat gogortze aldera (tentu hezetasunarekin, hori bai). Disko-jogailuaren orratzaren pisua moldatzeko aukera badago, baxua izatea komeni da. Dendan ingelesezko argibideak dituzte. Txokolatea jan ahal izateko ez da aparteko ezer egin behar: diskoa apurtu eta kito. Enpasteetan ez du kalanbrerik eragiten, eta tripak ez dira dantzan hasten.

Wohlfarth Schokoladeren produktu maitatuenak, halere, Salzstäbchen bere gatzdun makilatxo delikatuak dira. Benetan merezi dute, batez ere ilunenek.
Wohlfarth Schokolade Berlin
Helbidea: Soldiner Str. 39, 13359 Berlin. Ordutegiak: Asteartetik ostiralera: 14-18. Larunbatean: 11-17. Webgunea.

Bidali iruzkina