Kaltes klares Wasser Malaria!

Euskal Herriko gaztetxe eta irrati libreetan entzuten da oraindik noizean behin 80. hamarkadako Mendebaldeko Berlineko klasiko hau. Hainbat bertsio egin zaizkio hortik zehar. Malaria! all-female, emakumez bakarrik osatutako lehenbiziko talde alemaniar ezaguna izan zen.


Hoi dek seriedade absolutoa. Hil tzitek katue, andrie, ama, sua hartu zik etxik, bi hanka moztu ziztek, eta bihar bertan akau in ber diat. Halare, hoyek danak pasa ta geo, kareto hau etziok ateatzeik (…) Rockismuak nazkia emate ziak!” Anariren disko baten azalari Hankan Lurrienen Iñaki Segurolak egindako iruzkina da.

Segurola bezala, rock introspektiboarekin aurkako borroka lehenbiziko roundean galdu nuen nik. Pose kontuetatik harago, disko bat ez dut bi aldiz entzungo, ea “sartzen joaten zaidan” jakiteko. Adituek horrenbeste apreziatzen dituzten talde ultra-astun horiek guztiak, beraientzat (guztiei berdinak gustatzen zaizkie gainera, susmagarria da hori, ez esan). Niri eman abesti motzak faborez, hiru minutu baino irauten duten guztiak susmagarritzat ditut. Eta diskoa ordu erdi baino gehiagokoa bada, zer esanik ez.

(Dantzarako musika elektronikoa ere gustatzen zaidala konturatu naiz orain, eta piezak hamabost minutukoak direla hor askotan, baina dantzarako musika elektronikoa beste kontu bat da. Pieza horiek drogatuta ordu luzez burua galduta dantzatzeko dira. Hain luzeak izatea ezinbestekoa da efektua areagotzeko).

Mendebaldeko Berlineko 80. hamarkadan katua hil berritan rock introspektiboa egin zuten ehunka taldeen artean ezagunenetakoa da Malaria!. Bere partaideetako bat, Gudrun Gut, Einstürzende Neubauten generoko erreferentzia den bandako sortzaileetakoa izan zen. Proiektu hura bizkor laga zuen Blixa Bargeld ezagunaren esku Gutek. Beste hainbat kontutan kide zuen Bettina Koester adiskidea, Manon P. Duursma, Susanne Kuhnke eta Christine Hahnekin Malaria! sortu zuen, Europan benetako arrakasta izan zuen all-female taldeetan (emakumeek sortu, osatu eta kudeatua) aurrenetakoa.

Malaria!-ren historia gereziondo japoniarren parekoa da. Bizkor eta modu deigarrian loratu, eta are bizkorrago oroitzapen bilakatu zen. 1981etik 1983ra LP bakarra eta EP sorta bat utzita nahikoa izan zuen taldeak. B-Sides dokumentalean ageri da prentsaren aurrean egin zuten agerraldi eskasetako bat, lehor samarra. Art-rocka egiten zuen Malaria!k, new-wave-a, atarian aipatu rockismo narritagarria zen beraz taldearen habitata. Digestio zaileko doinuetan espezializatu zen bere ibilbide laburrean. Musika mota horrekin hesteetako arazoak pairatzen ditugunoi, hori bai, hit sinple bikain bat oparitu zigun. SO36ko hilabeteroko festa nostalgikora goazenok ukabila estuta abesteko ezin aproposagoa. Akorde sinple baino sinpleagoekin, hit gehienen gisara.

Kaltes klares Wasser ur garbi hotzari buruzko abestia da. Begiak itxita dauden bitartean besoetan, sorbaldetan, bularrean, aurpegian erortzen den ur garbi hotzari buruzkoa. Ez dute gehiago esaten ahapaldiek. 1982ko White Water EPan argitaratu zuen Malaria!k. Ordurako arrakasta ozena lortua zuen taldeak. Batez ere, AEBtan Nina Hagenekin egindako bira mediatiko batengatik (Studio 54ean harekin partekatu zuten emanaldia asko mitifikatu da).

Hit hau sortu eta urtebetera desegin zen Malaria!. Taldeko bi kide Estatu Batuetara mugitu ziren, besteak Mendebaldeko Berlinen geratu. Ordutik Gut izan da ipurterreena. Sormenarekin, eta feminismoarekin zerikusia duten mila ekimenetan: bakarka, taldetan, rockero, elektroniko, irrati saio ezagun batean ere aritu zen urte luzez, itzal handiko bi zigiluren buru izan da (Monika eta Moabit Musik).

Malaria! disko salduenen zerrendetan azaldu zen 2001ean, zeharka bazen ere. Chicks on Speed taldeak Kaltes klares Wasserren bertsio arrakastatsua txertatu zuen disko batean, originala baino askoz kaskarragoa. DJ Koze apartak ere egin zion house remixa, atsegina bidenabar, baina jatorrizkoaren inongo antzik gabea (Chicks on Speeden bertsiokoak dira agertzen diren ahotsak). Gaztetxe edo irrati libreetan pintxatzen dute oraindik noizean Kaltes klares Wasser originala. Euskal Herrian bada Malaria! zalerik, rockismo introspektiboak duen harrera adeitsuagatik ziur aski.

Bidali iruzkina