Mokoa nintzela, geografian on samarra izanda ere, Berlingo Harresiak Alemania bitan zatitzen zuela uste nuen, Errepublika Demokratikoaren eta Federalaren arteko muga hark marrazten zuela, behetik gora eta goitik behera. Harresia aspaldi eroria zegoen, eta haren zatitxoak oroigarri merke bilakatuak, Mendebaldeko Berlin uharte bat zenaz -eta benetako muga, Altzairuzko Oihala, 200 bat kilometro mendebalderantz zegoenaz- jabetu nintzenerako.
Harresiaren arrastoak dozenaka kilometro karratu hutsik laga zituen Berlinen. Espekulatzaileentzat litxarreria dira oraindik ere, halako hiri batean nekez ematen delako horrenbeste espazio hain modu merkean eskuratzeko parada. Sorkuntzari eta kulturari (festari idaztea baino errespetagarriago geratzen da) lotutako hainbat egitasmok ere baliatu izan dituzte Harresiak hutsik lagatako bazterrak. Yaam eta Bar25 dira ezagunenak; azken honen errautsetatik jaio da Holzmarkt, kapitalismoa eta utopia hippya uztartzen dituen proiektu bitxia.
Harresiaren aztarna fisikoan gertatu bilakaera atseginena, ordea, Berliner Mauerweg da, paretaren 155 kilometroak zirenak miatu ahal izateko bizikletentzat gordetako bidea. 2002 eta 2006 artean atondua, pasealeku benetan gozagarria da, lauzpabost egun libre dituenari hiriburuaren txoko ezezagun, bakarti eta ederrak ezagutzeko parada eskaintzen diona. Hormaren bestaldera zeharkatu nahian hildakoei -eraildakoei- buruzko panel biografikoekin seinaleztatuta dago.
Berliner Mauerweg, Berlingo Harresiaren bidea
Mendebaldeko eta Ekialdeko Berlinen arteko mugak 45 bat kilometro zituen. Harresiaren beste 105 kilometroek Mendebaldeko Berlin eta egun Brandenburgo dena banatzen zituzten, landa eremuan. Egun edonon hasi eta buka daiteke ibilbide zirkularra, eta nahi adina etapetan banatu, Berliner Mauerweg kilometro gutxiro U-Bahn edo S-Bahn geltoki baten ingurumaritik igarotzen delako. Euskal herritarrari bere senak txangoa egun bakarreko balentrian osatzea eskatzen badio ere, aldrebeskeria litzateke halakorik. Ibilaldia lau edo bost egunetan zatituta, bazterretan dauden jatetxeak probatu daitezke, edota lakuetan lasai bainatu. Alde ederra.
Kontutan hartu beharrekoa da txirrinduarekin U-Bahn eta S-Bahn metroetara igo daitekeela (tiketari gehigarria erosi behar zaio), autobusetara berriz ez. Kladow eta Wannsee artean ez zegoen hormarik, lakua bera zen muga. Ertz batetik bestera egiteko ferrya hartu beharra dago, metroko AB tiket normalarekin ordaintzen delarik 20 minutuko bidaia. Azpiko hauek dira Berlinaleakek osatu bost etapak, tarteko distantziekin. Orientaziotzat balio dezakete, baina aukerak mugagabeak dira. Bizikleta alokatu behar izanez gero, ez da beharrezkoa Quebrantahuesos egiteko modukoa izaterik. Soilenak ere balio du, apenas dagoelako aldapa luzerik bide osoan zehar.