Manchesterreko 70. hamarkada amaierako musikero prototipikoa da Mark Reeder. Virgin Records txiki batean saltzailea izaki, hirian jirabiraka dabiltzan talde guztiak ezagutzen ditu. Punkaz aspertu da, Joy Divisionekin liluratu nola ez, eta badu bezeroen aurrean sasijakintsuarena egiteko erabiltzen duen zaletasuna ere: Alemaniatik iristen zaion musika elektroniko guztia irensten du. Horrenbesterako da kontua, ze garai hartan langabeziaz, indarkeriaz eta drogaz betetako zulo beltz bat zen Manchester utzi eta Mendebaldeko Berlinera salto egitea erabakiko duela.
Ailegatu, eta segituan jabetuko da Reeder bere hiri berria ere langabeziaz, indarkeriaz eta drogaz betetako zulo beltz bat dela. Baina menpekotasuna sortzen du: “neskarik ederrenak, drogarik onenak, eta artistei merezi duten errespetua eskaintzen dion jende mordoa” aurkituko ditu bertan.
Manchesterreko agenda baliatu, eta musikari eta ekoizle bezala biziraungo du protagonistak. Berak topatuko dio Nick Caveri bere apartamentua, australiarrak Mendebaldeko Berlinez kontatzen duten guztia egia ote den baieztatu nahi eta sozialistez inguratutako irla bitxi horretara mugitzen denean. Bera izango da baita BBC hiriko taberna-zulo guztietan sartuko duena, Thatcherren garaiko Erresuma Batuko gazteak inbidiaz utziko dituen pieza grabatzeko.
Bilboko gaztetxeko autobus hura
Baina, nagusiki, Reederrek Mendebaldeko Berlineko bere bizitza osoa filmatuko du. Eta dekoratuak, protagonistaren bizitza ez den guztiak bihurtzen du B-Movie aro baten testigantza bakan. Talde ezagun eta ezezagunak, jende guapoa, antroak, bizioa, giro politiko nahasia. Ekialdeko Alemanian baimenik gabe antolatu kontzertuak. Topiko underground guztiak (zein higuingarria den underground hitza, behin neska argentinar baten lagun izateari utzi nion underground esan zuelako bakarrik) daude dokumentalean. Eta gaua, eremu benetan aske zen garai eta hiri batean.
(Fermin Etxegoienek kontatu zuen behin irratian. Bilboko gaztetxe zaharra zabaldu eta gutxira antolatu zuten lehen bidaia, autobusez, Ekialdeko Alemania gurutzatuta, Mendebaldeko Berlinera izan zen. 80. hamarkada erdialdean. Squat-en mugimendua sendo ari zitzaion eusten huste saioei -alokairuak oso garestiak ziren orduko hartan- eta Euskal Herritik etorritako lagunak hainbat etxe okupatutan banatu zituzten. Hala nahi izan zutenak, Etxegoienen kontaketaren arabera, gay edo lesbianentzat soilik ziren espazioetan. Izan zen Bilbora ez bueltatzea erabaki omen zuenik, noski.)
B-Moviek ordu eta erdi eskasean konprimitzen duen hamarkadatik at ere, Mark Reederrek Berlingo musika eszenan norbait izaten jarraitu du. Love Paradearekin epifania izan, eta aspaldi iraungita zeuden punka eta new wavea ahaztu eta trance ekoizle bilakatu zen. Berlinen gutxietsia den estilo horretako izar globaletako bat bere seme artistikoa da: Paul van Dyk.
Hirian daramatzan 35 urteetan pilatu kontaktuei zukua atera, eta ahoa zintzilik uzteko moduko soinu banda osatu zuen Reeder berak B-Movierentzat. Abesti gehienak orduko altxor berreskuratuak dira. Pare bat, dokumentalari zelofan perfektua ipintzen dioten pieza berriak.
Film arriskutsua da hau. Ezkutuko artista, doinu, gertakari bat muturren aurrean ipini, Googlen hariari tiraka hasi eta arratsaldea (beste arratsalde bat) galtzearen tentaldia dakar berarekin, lehen deitoratu nostalgian murgilduta. 2050ean estreinatuko duten egungo Berlini buruzko dokumentalaren irudiak une honetantxe non grabatzen ote ari diren asmatzea baino erosoagoa da.
Urtea: 2014. Zuzendariak: Jörg A. Hoppe, Heiko Lange, Klaus Maeck. Aktoreak: Mark Reeder. Generoa: Dokumentala. Hizkuntza aukera errazena: Ingelesa, subtituluekin (Reederrek Manchesterreko azentua darabil). Sarrera IMDb-n.