Caravan Diving for sunken treasure

Seko groupie zorigaiztokoa naiz. Talde batekin tematu eta haien kontzertu guztietara joaten hasten naizen bakoitzean, ez dira sei hilabete pasatzen erretiroa hartzen duten arte. Gertatu zitzaidan Mal de Ojorekin. Lobo Eléctricorekin. Eta azkenekoz, Diving for Sunken Treasurekin.


Hain larria da madarikazioa, Sebastien Tellierrek ematen duen hurrengo birako lauzpabost kontzertura joateko nuen plana bertan behera uztera noala. Oso serio hartzen dut nik Sebastien Tellier, Sebastien Tellierren triatleta bat naiz, Sebastien Tellierren mendi maratoizale bat, eta berak ere erretiroa hartuko balu ez dakit bizitzan aurrera egiteko indarrik edukiko ote nukeen.

Diving for Sunken Treasuren groupie bilakatzearen arrazoietako bat, hainbeste desengainuren ondoren, haien gaztetasuna izan zen. Huck, Johnny, Chris eta Max Paul (alemaniar peto-petoak izanda, izen guztiak pseudonimoak diruditela esateraino atrebituko nintzateke) oso guapoak dira. Azkarregiak blueserako, zikinegiak swingerako, rockabillyegiak ijitoen musika egiteko. Azken definizio kakamerke hau diskoetxearena da, argi gera dadila, ez Berlin Aleakena.

Haien emanaldi izerditsuei intentsitate ezohikoa zerien, Atom Rhumbakoak oholtzara txulito igotzen zirenekoaren antzekoa (hauen groupiea ere izan nintzen, eta ez dakit erretiratu ote diren, ez dut galdetu nahi). Huck eta Johnniek gitarrari astindu parea eman, ahots urratuekin abesten hasi eta aretoan oraindik groupie ez zituzten gutxiak segidan konbertitzen ziren, erremediorik gabe. Schokoladenen egin nuen topo beraiekin, halabeharrez, zer dagoen ere jakin gabe bertaratu naizen ehunka ostiral txoro horietako batean. Zetozen hiru hilabeteetan sei aldiz ikusi nituen -maniako samarra izatera iris naiteke-, azken emanaldi fatidiko hura iritsi arte. Guztietan amaitu zuten lau sokarekin jotzen, gitarretarako ordezko osagarri guztiak agortuta, leher eginda, epiko. Aspirinarena baino formula zaharragoarekin, noski. Baina bizitza honetan dena da kopia, blog hau bera ere bai.

Taldearen izen bera duen diska bakarra utzi du Diving for Sunken Treasurrek. Hiru ale daude etxean, bi zelofan eta guzti oraindik, apurtzen joango balira ordezkoak edukitzeko erosita. Huck bere Huck Blues proiektuarekin ari da orain. Max Paul-ek ‘Whiskey and Gallons’ bezalako abestiak idatzi izan ditu bakarka, scotch basokadarekin melankoliatsu berdintzekoak.

Chris kontrabaxuari galdetu nion azken kontzertua amaitu berritan, ikaragatik nerbioak dantzan, ea Facebooken jarri zutena eta emanaldian esandakoa behin betikoa zen, ea taldea atzera buelta gabe bertan behera lagatzera zihoazen. “Printzipioz bai”, erantzun zidan. Nik ez dut lauak bakarlari moduan baladak abesteaz aspertu eta ostiralen batean Schokoladenera itzuliko direnaren itxaropena galtzen. Gizendu eta burusoildu ez badira behintzat. Hala balitz pasako gara revivalik gabe ere.

Bidali iruzkina