Milioika biztanle dituen hiriko bi lagun kafea hartzeko elkartzen direnean, mintzagai ia bakarrak hartu ohi die hizketaldia: milioika biztanle dituen hiri hori bera. Kafea hartzeko lagunik ez dutenek milioika biztanleko hiriari buruz blogak idazten dituzte (Berlinaleak baino talentu gehixeagorekin, esan gabe doa).
Baina nola aztertzen da metropoli bat? Norbaitek “Atenas da Berlin berria” bezalako pitokeria idazten duenean, zer ari da alderatzen? Antzeko klubak edo grafiti muralak dituztelako, edo gazteak koktel edo droga berberekin txolintzen direlako hiriak parekatzea sarri gertatu ohi da. Inork ez ditu bateko eta besteko zahar-etxeen prezioak edo liburutegi publikoen katalogoak konparatzen ordea.
Milioika biztanle dituen hirietan bizi garenok ez diogu uzten sekula hiria behatu, sailkatu eta ebaluatzeari. Egunero hartzen diogu tenperatura. Baina metropolia benetan ezagutzea -eta hori da bere xarma, noski- ezinezkoa da. Are gutxiago, urruneko klixe bat baino ez diren beste batzuekin neurtzea.
Berlin – Die Sinfonie der Großstadt dokumentalak inongo blog garaikide askok lortzen ez duena bukatuta utzi zuen: metropoli baten, aro baten argazki zintzo bat. Zehatza, oparoa eta argigarria, hiriaren urrezko aroan ateratakoa. Osoa ez, hori ezinezkoa litzatekeelako. Helburu politiko zehatz gabeko erretratua, orduko dokumental sobietarrekin gertatu ez bezala. “Guztia erakutsi nahi nuen… Lanerako jaikitzen den jendea, gosaltzen duena, tranbiara igotzen dena edo oinez doana. Nire pertsonaiak bizitzako bide guztietakoak ziren. Langile txiroenetik bankuko zuzendarira”, azaldu zuen Walther Ruttmann zuzendariak. Neue Sachlichkeit, objektibismoaren mugimenduaren barruan kokatu izan da Die Sinfonie der Großstadt.
Duela mende bateko hiriak oraingoak bezalakoak ziren, internet salbu. Suhiltzaile kamioiak, auto-lasterketak, metroa, garabi erraldoiak, errusiar mendiak, diskotekak, paketeria zerbitzuak. Eta orduan izan zen Berlin, azken aldiz, metropoli aberats bat. Gertakari historikoek salbuespen egoerara zigortu zuten gero, eta egun hiri disfuntzionala izaten jarraitzen du.
Ezkutuan grabatua? Ezetz dirudi
Bideoklip formatua du Berlin – Die Sinfonie der Großstadtek. Ruttmannek 20. hamarkada amaieran zeluloidea moztu eta tratatzeko azaldu ziren aurrerakuntzak baliatu zituen. Kamara mugitzeko modua oso da modernoa. Musika Edmund Meiselek ipini zion, Potemkin korazatuaren soinu-banda konposatzen lagundu eta bi urtera. Ia osorik galdu zen; piano zatien partitura batzuk bakarrik libratu ziren.
Filmaren kopia onenak 1.446 metro eta 64 minutu ditu. AEBtako Kongresoko liburutegiak 1.980an itzuli zion Alemaniari. Material hori hartuta, ARTEk zaharberritu egin zuen 2007an, eta Friedrichstadt-Palastean orkestra eta guzti estreinatu, Meiselen musika nola edo hala osatuta. Hainbat soinu-banda berri egin zaizkio Die Sinfonie der Großstadti. Musika klasikoa da konbinazio errazena. Elektronikoa ere ederki egokitzen zaio. Tronthaim bikoteak dokumentalaren erritmora egituratutako obra bikaina osatu du. Pare bat hilabetero egiten dute emanaldi bat zuzenean Berlineko zinemaren batean: pelikula erakutsi, eta beraiek sintetizadorrekin laguntzen dute. Oso da ekarpen atsegina (hemen azpiko bideoan entzun daitezke Tronthaimen soinu-bandaren zati batzuk).
Die Sinfonie der Großstadt bost ekitalditan banatuta dago, eguneko orduen arabera, goizeko bostetatik hasi eta gaueraino. Urtebetean hartutako irudiak dira, urtaro epeletakoak ugariagoak badira ere. Karl Freund kamerariaren arabera (Fritz Langen Metropolisekoa, besteak beste) eszena guztiak ezkutuan grabatu ziren. Nekez sinestekoa dirudi horrek. Erregistratuko gertakari batzuk (suizidio bat, esaterako), kasualitatez jazotakoak baino, aktoreekin antzeztuak behar dute ia derrigor. Egon zen Die Sinfonie der Großstadt film bat ez zela zioen kritikorik, istoriorik eraiki ez zuelako, tesirik gabekoa zelako. Baliteke ordea hiriaren ustezko argazki objektibo honek pentsatu baino gidoi gehiago izatea.
Urtea: 1927. Zuzendaria: Walther Ruttmann. Generoa: Dokumentala. Tronthaimen hurrengo emanaldia topatzeko. Sarrera IMDb-n.