Bar25 – Tage außerhalb der Zeit

Zabaldu zutenetik ixtera kondenatua zegoen Berlingo klub mitifikatu baten krepuskulua lehenengo pertsonan kontatzen digu dokumentalak. Konfetiaren, piruleten, puzgarrien eta hasiera eta akabera lausoak zituzten festen errepublika libre -baina gotortu eta elitista- batena.


Berlingo ate zailena Berghain? Ez da hori mitologiak dioena. Bar25ek morroi are harroputz eta arbitrarioagoak zeuzkan sarreran. Pertsona normalegiei, itsusiegiei, turistegiei edo oro har nahikoa cooltzat ez zituzten guztiei kokotsa bizpahiru zentimetro altxatu, eta gau horretan -ere- diskotekan sartuko ez zirela jakinarazten zietenak.

Kontraesana bistakoa da. Udaletxetik kilometro eskasera, Alemaniako hiriburuaren erdigunean, metro karratua urre preziora saltzen ari zen zonaldean, bere arau propioekin sei urtez maitasuna eta askatasuna atari zabalean aldarrikatu zituen espazio librea zen Bar25. Librea, baina esklusiboa eta baztertzailea, guztien ahotan zegoen zirku hura ezagutzeko irrikan gerturatutako ehunka lagun astero Holzmarktstrasseko ilara pasa gabe uzten zituena. Aitzakia Berlingo klubetan sarriegi entzuten den berbera zen: edukiera mugatua denez, galbahea nola edo hala egin beharra zegoen.

‘Bar25 – Tage außerhalb der Zeit’ dokumentalak 2004 eta 2010 artean Spree ibaiaren bazterreko eremuan gertatu zirenak erakusten ditu, ateko kontu horiei erreparatu gabe. Festa egiteko modu bat baino, bizitza festa etengabeko bilakatzeko trikimailu bat asmatu zuen lagun taldearen (Christoph, Steffi, Danny eta Juval, ororen gainetik) istorioa da. Berlingo garbiketa partzuergoari orube bat alokatuta, piraña artean metropoliari bizkar emanda bizi zen herrixka eratzea lortu zuten. Hiru futbol zelairen tamaina zuen esparrua, guztiz legala.

Bar25 bezalako anomalia batek sei urtez irautea zerk ahalbidetu zuen ulertzeko, gutxienez bi fenomenori erreparatu beharra dago. Lehena, Berlingo Harresia jausi zenetik orotariko eragile, ostalari eta oportunistek eraldatzera zihoazten baina burokrazian kateatuta zeuden hainbat gune aldi baterako erabiltzeko azaldutako trebetasuna. Libratu ziren milioika metro karratuak saldu, bertan eraikitzeko proiektuak prestatu eta garabiak martxan ipini arte, iraungitze-data zutelako merke alokatzeko moduan sail ugari topatu ahal izan ziren Berlinen. Potsdamer Platzeko aurreneko Tresor da adibide paradigmatikoa. Bar25ek ere gisako mauka bat baliatu zuen.

Garabiak martxan ipini arte, iraungitze-data zutelako merke alokatzeko moduan sail ugari topatu ahal izan ziren Berlinen. Bar25ek ere gisako mauka bat baliatu zuen.

Christoph Klenzendorf izan zen garbiketa partzuergoarekin negoziatu eta lehenbiziko festa antolatu zuena, bi bozgorailu eta edabeak saltzeko atoi batekin. Sei aste iraun zituen jaiak. Tobias Rappen ‘Lost and Sound: Berlin, Techno und der Easyjetset‘ liburuan irakurri daitekeenez, azkar konturatu zen orubearen jabeak toki hartatik harrika botatzerik nahi ez bazuen egitura apur bat beharko zuela. Testuinguru horretan koka daiteke Bar25 ulertzeko ezagutu beharreko bigarren faktorea: ezerezetik parranda gune harrigarriak eratzeko Berlinen eta ingurumarian dagoen tradizioa. Klenzendorfen eredua ordurako kultuko festibal bilakatutako Fusion izan zen. Do it yourself, zuk zeuk egin filosofiarekin eratutakoa da Lärzen, Brandenburgon ekainero ospatzen den jaialdi hura. Egurra eta birziklatutako beste hainbat traste modu irudimentsuan erabilita osatutako dekorazio merkearekin.

Fusionek hangar espazial sobietarrak modu ironikoan erreplikatzen baditu, Bar25ri zirku itxura eman zitzaion. Antzoki lanak betetzen zituen karpa bat zuen, dantzarako edo arratsaldean lasai garagardo bat hartzeko hondartza, zinema txikia, spa tankerako bat, diskoteka. Azken urteetan hostela eta jatetxea ere bai. Dozenaka lagunek bertan bizitzen amaitu zuten, karabanetan. Asteburu luzeetan zeharo nahasten zen herrixka bat zen, finean. Udan bakarrik zabaltzen zion publikoari.

Esperimentu pop erradikala

Dokumentalaren tituluan dator: denboraren kanpotiko egunak. Klenzendorfi, argazkilari zenean, gero eta maldan gorago suertatzen zitzaion gizartearen eskakizunak betetzea. Bere adiskideekin martxan ipini zuen proiektuak logika hori gainditzea ahalbidetu zion. Festara zetozenek bere komuna ordaintzen zuten. Azkenean, bertako biztanleei Berlinera irtetea (munduko hiririk toleranteenetakoa izanda ere) eginkizun mingarria iruditzen zitzaien. “Esperimentu pop erradikala” deitzen dio Rappek Bar25i bere liburuan muntaia guztiari.

Spree ibaiaren magalean zegoen Bar25, eta orube huraxe erosi zuten atzera 2014an klubaren sortzaileetako batzuk.
Spree ibaiaren magalean zegoen Bar25, eta orube huraxe erosi zuten atzera 2014an klubaren sortzaileetako batzuk. Bar25, der Film.
Kluba horrenbeste mitifikatu izanaren arrazoia, hori bai, asteartean (edo beranduago) amaitu zitezkeen afterrak dira. Eta tribiala badirudi ere, horrek zerikusi handia du 2000. hamarkada erdialdean izurritea bezala zabaldu zen minimal musika estiloarekin. Ordura arte modan zegoen technoak estres gehiegi eragiten zion zentzumenei 48 orduz jarraian parrandan aritzeko. Minimala (housea edo techno izan, berdin du), behin dantzalekutik apartatuta, lagun berriarekin eseritakoan, eta droga egokiekin lagunduz gero oharkabean pasatzen zen, ez zen nekagarri bihurtzen. Musikalki, Bar25en zigiluak eta haren ondorengoek ez dute disko interesgarririk apenas ekoiztu. Habitat jakin baterako doinu funtzionalak direlako, ospakizuna askoz ordu gehiagoz hedatu ahal izateko diseinatuak, zirkoaren attrezzoaren beste atal bat eta ez elementu zentrala, Berghainen bezala.

Izan ere, ordurako hiriko klub ezagunena zenaren oso bestelako ADNa zuen Bar25ek. Batean janzki beltzak, larrua eta iluntasuna zena, kolorea, txantxa eta purpurina bilakatzen zen bestean. Bostehun metro ipar-ekialdera, Berghainen, Funktion One bozgorailuek isuritako techno gupidagabeak negoziaezina izaten jarraitzen badu, Spree alboko jolastokian dezibelio batzuk gutxiagorekin gusturago bizi izan ziren.

Nostalgiarik ez, milioiak berriz esku beteka

2008 eta 2009an baietz ezetz ibili ostean, 2010eko irailean itxi zuten Bar25, dokumentalean ikusita ia malkoa eragiten duen enegarren parranda amaigabearekin. BSR partzuergoak orubearen salmenta abiatzera zihoala abisatu zion Klenzendorfi. Bizkor topatu zioten hark eta bere kideek ordezkoa: ibaiaren bestaldean zegoen xaboi fabrika zahar batean Kater Holzig zabaldu zuten 2011ko maiatzean. Hiru urteren buruan hiltzen utzi zuten ordea, inork espero ez zuen operazioari ekiteko.

2014an, Bar25ean aritutako talde batek, Klenzendorf buru, BSRri Spree iparraldeko lursaila erosi zion, bertan Holzmarkt izeneko proiektua abian ipintzeko. Partzuergoak ez zien aspaldiko lagunei preziorik berezirik egin: Der Spiegelek zabaldu zuenez, eskaintza onena izan zen onartutakoa, 10 bat milioi eurotakoa.

Hain ongi ezagutzen zuen espazio harentzako plan eguneratuak zituen Klenzendorfek. Diskoteka egongo zen (Kater Blau), nola ez, baina askoz espazio txikiagoa hartuz. Baratzak, jatetxea eta ume eta helduentzat jolastokiez gain, artistentzat atelierrak, ikasleentzat etxebizitzak eta hotel bat aurreikusten zituen egitasmoak (2017an osatu eta zabaldu ziren).

2014an, Bar25ean aritutako talde batek, Klenzendorf buru, BSRri Spree iparraldeko lursail zaharra erosi zion, bertan Holzmarkt izeneko proiektua abian ipintzeko.

Bar25ek dirua aurreztea utopiko samarra zela jakinda (diskotekak udan bakarrik ematen zuenetik urte osoan 40 bat pertsonak bizi behar zuten bertan) eta Kater Holzigek atzean zor andana utzi zuela ezagututa, zaila da imajinatzea inbertsioa bere gain hartu duen hori (ez dago oso argi dirua nondik atera den) Holzmarkt errentagarria izango denaz nola konbentzitu duten. Klenzendorfek ‘business-hippie’ bezala ikusten omen du ordea bere burua: kapitalak eta proiektu kultural askeek Berlinen izan duten elkarbizitza korapilatsuaz nazkatuta omen dago, eta tarteko bideak esploratu nahi omen ditu. 40 urte ere beteak ditu, eta astebeteko parrandetarako hausporik ere ez zaio geratuko ziur aski.

Dokumentalean ageri diren bakanal koloretsuen bila datorrenak, jai du gaurko Berlinen. Sisyphos da, ezbairik gabe, espiritu hura erreplikatzetik hurbilen dagoen egungo kluba, baina zibilizatuagoa da han guztia. Ateko morroiak behintzat, gogorrak izanda ere, Bar25ekoak baino adeitsuagoak ere badira.
Bar25 – Tage außerhalb der Zeit
Urtea: 2012. Zuzendariak: Britta Mischer, Nana Yuriko. Aktoreak: Steffi Lotta. Generoa: Dokumentala. Alemana, ingelesezko subtituluekin. Sarrera IMDb-n.

Bidali iruzkina