M

Urratu ziztrin bat erakutsi gabe, pederasta baten krimenak planoaren kanpoaldean ezkutatuta, egun ere edonor aztoratzen jarraitzen du Fritz Langen M-k. Berlin ilun batean girotutako zinema beltz-beltza. Azkenean, betikoa. Ez dago Karl Lohmann inspektoreari ihes egiterik.


M da soinua duen Fritz Langen estreineko pelikula. Hasieratik bihurtuko du baliabide funtsezko, ordura arte zinemagintzan ikusi gabeko (nola ikusi gabeko, entzun gabeko izango da ba!) erabilerak emanda. Hans Beckert pederasta (Peter Lorre) txistuka hurbiltzen zaie bere biktimei Berlineko txoko bazterretan. Herioaren musika da, eta zuzendariak ez du horrela erasoen irudien morbora jo beharrik. Thriller psikologikoa da hau. Historiako lehena idatzi dela nezake, sasi-adituarenak egiten jarraituta. Baina egiari zor, hau baino bi pelikula zaharrago bakarrik ikusi ditudala uste dut.

Hiria asaldatuta dago hilketa beldurgarriengatik. Telefonoari erantzutearen keinuan munduko txapelduna den Karl Lohmann inspektoreak teknika berritzaileenak baliatu nahi ditu kasuari ahalik eta lasterren irtenbidea aurkitzeko. Konkurrentzia du ordea, eta ez nolanahikoa: Berlingo gaizkilerik ankerrenak ere Beckerten bila ari dira, pederasta batek krimenaren sindikatuaren izena lohitzen duelako, eta sindikalisten azpilanen bakea arriskuan ipini. Poliziaren eta hanparen arteko lasterketa da ere bada beraz M.

Goebbelsen limurtzea

Bi pertsonaia erraldoiren sorbaldetan eraiki zuen Langek maisulan hau. Beckert bipolarraren (bera ere ikaratzen dute burututako krimenek) antzezpenak Hollywoodeko ateak parez pare zabaldu zizkion Peter Lorreri. Une ezin aproposagoan, László Löwenstein jaiotako juduak Alemania itsumustuan laga behar izan zuelako, Lang bera bezala. Zorionez, bere aurpegiera itsusi eta aztoragarria bidaia-txeke bat zen.

Otto Wernickek ez ditu Lorrek bezainbeste fan, baina Lohmann inspektorearena ere karakterizazio bikaina da. Horrenbeste, Langek hurrengo urtean estreinatu zen Das Testament des Dr. Mabusen paper are zabalagoa gorde ziola. Billy Wilderrek 1943an zuzendu Double Indemnity harribitxian Edward G. Robinsonek antzeztutako Barton Keyes aseguru inspektoreak zor nabarmena du Lohmannekin, sasi-aditu honen uste sasi-adituan. M-ko izen nagusien artean, Wernick bera izan zen Hitlerren garaian jaioterrian lanari eutsi zion bakarra. Alderdi Naziari dohaintza eskuzabalak egin behar izan zizkion horretarako, S.S.-ko ofizialek haren emaztea judutarra zela bazekitelako.

M bera filmatu ahal izateko ere mila buruhauste igaro zituen Fritz Langek. Boterera iristerako begiz jota zuten naziek zuzendariaren lana, ankerrak izanagatik bistarik ez zutelako falta. Errespetua mirespenaren eta ikararen arteko nahasketa da. Uste dut Shakespearek idatzi zuela, baina horrelakoetan sekula ez egin kasurik Berlin Aleaki. Spandaueko Staaken estudioetan aritu ahal izateko “Hiltzailea gure artean” tituludun proiektua aurkeztu zuenean, alderdiaren aurkako erasoa izan zitekeela susmatu zuen norbaitek, eta lanerako baimena ukatu zioten Langi. Filmaren xehetasun guztiak argitu behar izan zituen, eta azkenean lortu zuen Staaken (Zeppelin lantegi zaharra zen) sei astez erabili ahal izaterik. Zuzendariak kontatu zuen ondoren, 1933an, Joseph Goebbelsek bilera batera ditu zuela, nazien filmotekaren buru izatea eskaintzeko. Bi aukera bakarrik zituen, bistan denez: Hakenkreuz-dun besokoa mahukan josi, ala ilunabarrerako mugaz bestalde izan. Gau hortan bertan Parisera ihes egin omen zuen.

M beltz-beltzaren misterio handiena da benetako gaizkile bat oinarri ote duen ala ez. Urtetan ziurtzat eman zen Hans Beckert Peter Kürten Düsseldorfeko banpiroa zela egiaz. Pelikula estreinatu eta hiru hilabetera zeukan hitzordua gillotinarekin banpiro jaunak. Zahartzaroan ukatu zuen Langek berak harreman hori, eta hogeigarren hamarkadan Alemaniako prentsan sarri agertzen ziren lau edo bost hiltzaileren destilazioa izan zela zehaztu. Mabuse sortzeko ere krimenaren alkimia horixe baliatu zuen.
M
Urtea: 1931. Zuzendaria: Fritz Lang. Aktoreak: Peter Lorre, Otto Wernicke, Gustaf Gründgens. Generoa: Beltza. Hizkuntza aukera errazena: Espainiera, Frantsesa, Ingelesa. Euskarazko subtituluak badaude. Sarrera IMDb-n.

Bidali iruzkina