You Need The Drugs Westbam eta Richard Butler

Musika kritikoak bata bestea kopiatzeaz bizi dira. Guztiei talde berberak gustatzen zaizkie -Antton Iturbe entziklopedikoa salbu-; guztien urteko onenen zerrendak klonikoak dira. Abesti hau zergatik ez zuten famatu misterioa da niretzat. Hobe, ezagutu nuenean are gehiago flipatu nuelako.


Munduko musikaren %0,0001ik ere ez dut entzun nik, adituek bezala. Kanta hau da ezagutzen dudan onena, hau idazten ari naizen bitartean behintzat, hurrena igotzen dudana are hobeagoa irudituko zaidalako -espero-. Harritu egiten nau abestia inork gutxik ezagutzeak, ezin konbentzionalagoa delako, perfektua bezain konbentzionala, despistatuenak ere aspertu arte irratietan erretzeko aproposa. Ez da gertatu, irratietan ez dutelako erre, konbentzionala bezain perfektua izanda ere. Eta musika kritikoa ez naizenez, berdin-berdin zait petardo bat suziri espazial baten prezioan saltzen ari ote naizen. (Abesti lurtarrez ari naiz, Estepan beste dimentsio batean flotatzen bizi da, bikaintasun goren eta eternalean, bera bakarrik).

B-Movie dokumentalak Berlingo 80 hamarkadako musika eta taberna-zuloetan girotu txangoa Love Paradearen hastapenekin amaitzen dela jakinda, badu logika soinu bandako pieza funtsezkoa Westbamen kargu uzteak. Garai hartako figura ezagunenetakoa da (Love Parade guztietan izan zen artista bakarra da), eta hit-ekin asmatzeko sena berezia izan du beti tipoak. Nenaren ibilbidea berpiztu zuen hau bereziki potxoa da, adibidez, baina nik estimutan dut ordea, etxean txikitan VIVA (Alemaniako MTV) geneukalako eta horrelako ziento bat hit txepel buruan bueltaka dabilzkidalako oraindik.

You need the drugs-ekin, halere, Westbamek lehen aldiz unean uneko moda txatxuak utzi eta zerbait atenporala erditzea lortu zuen. Ederki zahartuko den abesti bat, bere beste guztiekin gertatzen ez den bezala. Ezin jakin 1980an edo 2013an sortutakoa den, Michael Caine bizirik ala hilda dagoen gogoratzea ezinezkoa den bezala.

Berlingo gauari buruz -gaurkoa edo herenegungoa- kanta idatzi, eta estrofetan drogen inguruko katekesia egiteak ere logika osoa du. Psychedelic Furs new waveko beteranoen abeslari Richard Butlerren ahots sarkorrak kontatzen digu ez duela merezi ordu txikiak luzatu ahal izateko, ligatzeko, guapo sentitzeko arrasto pare bat sartzerik. Topatuko duzun neska, mutil, bikote, hirukote guapo horretaz gozatzen ez dizutelako utziko arrasto horiexek. Kokainak, speedak, M-ak eman dizun berbera kokainak, speedak, M-ak kenduko dizu. Teoria bat da, beste batzuk ere badaude kalean.

Munduan zehar gehiegi barreiatu ez den film bateko soinu-bandan ezkutatuta, You need the drugs radar konbentzional gehienen azpitik pasa da. Berlingo Ale izateak ez du bere ospea suspertuko, bistakoa da. Hobe horrela: txiripaz topatzen duen oro ahoa bete hortz uzten jarraituko du abestiak, guztiok aho bete hortz geratzeko gaitasun gabe gauden aro honetan.

Bidali iruzkina