Die Stadt als Beute

Gentifrikazio hitza fenomeno abstraktu bezala deskribatuta iritsi da hiztegietara. Baina zein aurpegi dute hiri osoak erosteko milaka lagun kaleratzen dituztenek? Zein teknika erabiltzen dituzte lanak errazteko? Eta zergatik bilakatu da Berlin paradisu bat espekulatzaile horientzat?


Gentrifikazioa da mila euro kobratzen ez dituzten erretirodunak bizi diren eraikinean berrikuntza ziztrin batzuk egin, alokairuak igo, ordaindu ezin dituztelako agureak hiriaren kanpoaldera mugitzera behartu eta etxebizitzak Londreseko, Dubaiko edo Moskuko inbertsoreei saltzea. Hauek gero New Yorketik datozen gaztetxoei bost bider garestiago alokatzeko. Gentrifikazioa da norbait etxetik botatzeko alboko pisua ordainpeko gaizkilez betetzea, 24 orduz bizilagunak gogaitzeko aginduz. Gentrifikazioa da auzo osoa eraitsi eta berritu ahal izateko emakume bati sukaldeko eta komuneko leihoak horma batekin estaltzea. Alboko eraikin berriari forma nahita aldatu, eta egotzi behar diren horiei egunaren argia lapurtuta. Gentrifikazioa da alde egin nahi ez dutenen hoditerietan ezusteko istripu mordoa gertatzea. Etxeak igerileku bilakatu arte.

Die Stadt als Beute (Hiria salgai) filma zaplazteko moduan har genezake Berlinera azken bi hamarkadetan mugitu garen gehienok. Historiaren keriengatik hiri merke batean bizi zirenei hiri hori eskuetatik nola kentzen ari zaizkien azaltzen da dokumentalean. Espekulatzaileak eta espekulatuak dira protagonistak. Badaude -bagaude- protagonista subsidiarioak ere. Zinematik irten eta pare bat egun kosta zitzaidan niri konplizitatearen zama astintzea.

Hartz IV-a [oinarrizko subsidioa Alemanian] jasotzen dutenek Potsdamer Platzen bizi behar al dute?”. Inbestitzaile baten purrustada da, Berlin anomalia bat izan dela adierazteko, eta anomalia horri ahalik eta lasterren konponbidea emango zaiola iragartzeko. Mendebaldeko metropoli guztiak zirkulu zentrokideetan antolatzen dira. Erdigunean ahaltsuenak bizi dira, bertan egiten dira negozioak; kanpoaldean, herri xehea pilatzen da. Eta Berlinen eredu berbera ezarriko dute. Ez dira hamarkada asko pasako “the place to be” hau ere guztiz estandarizatu arte, prozesu honen aurkako botikarik ez dagoelako.

Andreas Wilcke zuzendariak lau urte eman ditu etxeak erosten dituztenekin eraikinak bisitatzen. Haien hizkerak erakusten digu hiri oso bat merkantzia moduan negoziatu, sal eta eros daitekeela, bertan nor bizi den batere axola gabe. Alokairu baxuak dituztenekin erabiltzen diren trikimailu doilorrak ere dokumentatu ditu Wilckek. Eusteko grina nola azkar agortzen den ikusi du. Dirudunek pazientziaz itxaroten diote etsipenari.

Gure eraikina, Ekialdeko Berlin zenean, 2006an berritu eta apaindu zuten. Askotan galdetu izan diot neure buruari nor biziko ote zen lehenago hemen. Urte batzuk beranduago gu sartu ginenetik (eta ez da hainbeste ere pasa) %40 bat gora egin dute alokairuek auzoan. Ordaintzen duguna ere merkeegia izango da laster akaso, eta gurekin erabiliko dituzte orduan filmeko taktika berberak. Gentrifikazioak konplize axolagabeak behar ditu. Baina ederki koipeztutako makineriak gehiago ordaintzeko prest dagoen katebegi berri bat topatzen duenean, lehengo konplizeak oztopo nekagarri bilakatzen dira azkar.

Die Stadt als Beute Alemanian estreinatu, eta zinema gehienetan ingelesezko azpitituluekin eskaini zuten (hiriari buruzko filmak ikusi zale dira bertan bizi diren atzerritarrak, alemana ikasteko bost minutu hartu ez dituztenak ere bai). Sarean noiz eta non eskuragarri egongo den, ezin esan.

[Argazki nagusia Till Krech-ena da, CC BY lizentziarekin].
Die Stadt als Beute
Urtea: 2016. Zuzendaria: Andreas Wilcke. Generoa: Dokumentala. Hizkuntza aukera errazena: Alemana, ingelesezko subtituluekin. Sarrera IMDb-n.

Bidali iruzkina