Antisistema guztien aita

1906ko urriaren 6an, paria bat baino ez zen Wilhelm Voigt. Hurrengo goizerako, Berlinen heroi politikoki ez oso zuzena. Kapitainez mozorrotu, engainatuta soldadu taldea beretzat lanean ipini, alkate bat atxiloarazi eta Köpenickeko udaletxeko altxortegia hustuta ihes egin zuen.


Preso izatea zuen ofizio Wilhelm Voigtek, eta zapatak egitea afizio. Zenbakiek hala diote behintzat. Nerabe zela lehenbizikoz atxilo hartu zutenetik bere kolpe sonatuena eman arte igaro ziren berrogei urte pasatxoen zatirik handiena eman zuen kartzelan, lapurretengatik beti. 1849an Tilsiten jaio zen, egungo Sovetsken, Lituania eta Polonia artean Errusiak duen apendize bitxian. Hartan Prusia zen zonalde hura; eta Prusian atzera eta aurrera eman zuen bizitza Voigtek, Wagrowiec, Wismar eta beste hainbatetan.

1906ko otsailean Berlingo Rixdorf auzora (egun Neukölln denaren bazterrik fotogenikoena izaten jarraitzen du horrexek) mugitu zen, hamabost urte jarraian zuloan eman ondoren. Arreba zuen han zain, eta baita hiriko zapatagile ezagun baten tailerrean lanpostu bat ere. Gizartearen alde errespetagarrian sustraiak botatzeko asmorik batere ote zuen ez dago jakiterik. Azkar bota zuelako poliziak Berlindik, bere aurrekariak aztertu eta segurtasunarentzat mehatxua zelakoan.

Iskintxo egin zion ordea Voigtek autoritateari, Hanburgora zihoala hitz eman eta arrebaren etxetik mugitu gabe. Zapatak josteari laga, eta plan burugabe bezain jeniala prestatzeari ekin zion. Prusiako Armadako kapitain baten plantak egin ahal izateko, uniformea zatika erosi zuen bigarren eskuko dendetan. Soldadu xeheek nagusiei fitsik esan gabe men egiteko mandatua zutenez, janzki berriek eta bere antzezle dohainek gazteengan zein efektu ote zuen frogatzen aritu zen. Erreklutek nor ote zen galdetu gabe ‘Ja wohl!’ (Bai jauna!) automatikoki erantzuten zutenez, mauka baliatzea erabaki zuen.

Urriaren 16aren eguerdian, Plötzenseeko barraketara bertaratu zen Voigt, mendebaldean. Guardia aldaketa baten aitzakian, lau granadari eta sarjentu bat geratu zituen, hiriaren beste aldean zeregin bat zutela esan eta jarraitzeko agindu. Ekialderantz trena hartu, eta orduan herria zen Köpenickera eraman zuen batailoia (egun Berlingo auzoetako bat osatzen du Treptowekin batera). Inori abisatu beharrik ez zutela ohartarazi zien, presazko operazioa zelako. Eta bidean, tiro-eremu batean, beste sei soldadu engainatu ahal izan zituen tropelera batu zitezen.

Voigten jomuga Köpenickeko udaletxea zen. Indarrez hartu zuen, eta bere gizonek ate guztiak itxi zituzten. Georg Langerhans alkatea funtsak bidegabe maneiatzeagatik atxilotu (asmatua zen salaketa noski), eta Unten den Lindeneko guardetxera bidali zuen soldaduetako batzuekin. Kutxategiko sos guztiak eraman ahal izateko faktura sinarazi zion lehenago. Voigtek kartzela garaiko zuzendari baten izena erabili zuen dokumentu horretan. 3557 marko eta 45 penike eskuratu zituela uste da (egungo 22.000 bat euro). Harrapakinarekin tren geltokira egin zuen azkar, geratzen ziren soldaduei ordezkoak iritsi arte bertan geratzeko esanda. Mozorroa kendu, eta ziztu batean desagertu zen.

3557 marko eta 45 penike eskuratu zituela uste da (egungo 22.000 bat euro). Harrapakinarekin tren geltokira egin zuen. Mozorroa kendu, eta ziztu batean desagertu zen.

Zetorren egunean zabaldu zen prentsan gertatutakoa. Kazetariek “Köpenickeko Kapitaina” ezizenarekin bataiatu zuten sasi-militar jeniala, eta hirian txisteka hartu zuten istorioa. Hamar egun baino ez zituen eman libre Voigtek: kondairak dio dirua trakets gastatu zuela taberna eta burdeletan. Bi urte baino lehen amnistiatu zuen ordea Wilhelm II.a kaiserrak, bere izenkideak. Pikaro maitagarritzat omen zuen.

Plaka hauxe dago Wilhelm Voigten oroipenean Köpenickeko udaletxeko sarreran.
Plaka hauxe dago Wilhelm Voigten oroipenean Köpenickeko udaletxeko sarreran.

Köpenickeko Kapitainak bere ospea errenta bilakatu zuen. Argizarizko estatua egin zioten segituan, bira bat egin zuen Europa eta Amerikan zehar, autobiografia idatzi. Luxenburgon bizi izan zen Berlingo alargun batek eskaini ondasunekin, baina 1922an zendu zenerako guztiak xahutuak zituen.

Hil eta geroagoko eta hil baino lehenagoko artikulu, satira, antzezlan eta pelikula zenbatezinek munduko arloteen panteoira eraman zuten Wilhelm Voigt. Carl Zuckmayer idazlearen ‘Hauptmann von Köpenick’ 1931ko obraren mila bertsio eraman dira oholtzetara, eta beste dozena bat zinema (goiko bideokoa adibide) eta telebistetara. John Mortimerrek National Theatherren aurkeztu zuen moldaketak sona handia bereganatu zuen.

Köpenickek berak ere oso gogoan du auzoa mapan ipini zuen gaizkilea. Udaletxeko sarreran dago bere estatua (goiko irudikoa da), eta bere uniformea eta gertakariaren inguruko beste hainbat oroigarri areto batean dituzte. Aktoreei posible zaienean, asteazken eta zapatuetan lapurretaren antzezpen berezi batekin gogoratzen da kapitaina.

Bidali iruzkina