Ideology Siriusmo

Abesti eta musikari arraroentzat, bideo bitxiak. Siriusmo doinu eszentrikoak hit popero bilakatzeko artea duen tipo xelebrea da, sortzen duen ia guztia gorrotatzen bukatzen duena. Farandulari ihes egiten diolako ez dira pieza horietako asko Berlinetik urrunegi zabaldu.


Moritz Friedrich –Siriusmo– pintorea da. Bezeroentzat grafitiak margotzen diru, liburuak ilustratu. Musikaz bizi ezin duten musikarien mundu batean, musikaz ongi bizi ahal izan eta maukari uko egiten dion musikaria da. Edo hori da berak barreiatzen laguntzen duen kondaira behintzat.

Abestiak ia bortxaz atera behar izan dizkiote, benetan gustatzen zaiona bakardadean bere sintetizadore zaharrekin jolasean aritzea delako, presiorik gabe. Hilabetean 169 euro kostatzen zaion Prenzlauer Bergeko bere etxe alboko estudiotik ahalik eta gutxien ateraz. Kantak txanpon bihurtzearen artean Siriusmo baino abilxeagoak diren Modeselektorrekoek zigilu bat sortu zioten propio, Monkeytown Records, bere debuta izan zen LPa -Mosaik- behingoz existituko zela bermatzeko. Emanaldiekin hasi zenean, makinen atzean lotsati ezkutatu ohi zen. Oraindik ere, ez du urtean dozena erdi bat bolo baino gehiago eskaintzen.

Sampleak eta mila traste eta objekturi grabatutako soinuak mosaikoak bailira itsatsiz sailkaezina den estiloa sortu du. Elektro martziano samarra, batzuetan Frantzian Mr. Oizok eta tankerakoek egiten zutenaren airea baduena, baino ikutu are eszentrikoagoarekin. Abestirik arraroena eta High Together edo Ideology harrigarri hau bezalako hit-ak tartekatzen ditu Siriusmok (irudien satira justifikatzeko Idiologie ipini zion diskoetxeak bideoari, baina diskoan agertzen den abestiaren izena Ideology da). Onddo beltzak dira azken bi hauen gisako pieza errazagoak, esperimentuz jositako soroak diren bere lanetan. Asko egoki errematatu gabeak dira, astaputzak ere ez dira falta bere obran, ideiak txukunketa lanak baino interesgarriak iruditzen zaizkiolako beharbada. Edo bere kantak gehienak gorrotatzen amaitzen duenez, zirriborroak nola edo hala bukatu eta ahaztea nahiago izaten duelako akaso.

Azken bitxikeria: dantzatzeko musika ekoiztu eta DJ bezala sos errazak egiteari uko egiten dion artista bakan horietakoa da, Soraya Saenz de Santamaria edo Paris Hilton disko jartzen dabiltzan egunotan.

Bidali iruzkina