Arratsalde bat zaldietan

Saltxitxak, garagardo merkea, odolgarbi lerdenak orgei tiraka, apustuak. Karlshorsteko zalditokiarena urtero behin egiteko horietako plana da. Glamourduna baino, lagunartekoa da giroa. Apur bat kolorgetua, eta ozta-ozta funtzionatzen duten gauzen xarma duena.


Berlinen hamarkada bat eman, eta hiritar estandarrak behin ere bisitatuko ez lukeen dozenaka auzoetako bat da Karlshorst. Ring deituriko S-Bahn linea zirkularraren kanpoaldean dago, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren Armada Gorriaren operazio zentroa izan zen Ekialdeko Alemanian. Behin Harresia erorita, 1994ko abuztuaren 31n itzuli ziren azken unitateak Errusiara, eta auzoa zertxobait erakargarriago bilakatu zen bertakoentzat, libre geratutako etxebizitzen prezio merkeagatik batez ere. Halere, ekialdeko etorkinen topagune izaten jarraitzen du oraindik ere ‘Karlowka’-k. Ezaguna da, besteak beste, nazien kapitulazioa bertan sinatu zelako.

Pferdesportpark Karlshorst, auzoko zalditokia, 1894an sortutakoa da, Prusiako armadako lehenbiziko zaldiak bertan hogeita hamar bat urte lehenago dagoeneko lauhazkan aritzen baziren ere. Hastapenetan oztopodun pista atondu zuten Pferdesportparken, baina Bigarren Mundu Gerra amaitu eta berehala konpondu, berdindu eta orgak bihurtu ziren protagonista nagusi. Armada Gorriko Bersarin jeneralaren aginduz pistaren luzera bikoiztu egin zen, kasinoa ere egon zen bertan. Sobietarren kudeaketarekin, urrezko urteak izan ziren Ekialdeko Alemaniako zalditoki bakarrarentzat.

1991n, desagertzetik oso hurbil egon zen Pferdesportpark, Harresia erortzeak eragindako nahastearen erdian. Trabrennbahn Mariendorfek, hiriko hegoaldeko zalditegiak, hartu zuen bere gain kudeaketa, fede berezirik gabe. 2004an, boluntarioen esku geratu ziren bai tokia eta bai lasterketak antolatzen dituen partzuergoa. Orubearen hainbat zati saldu behar izan ziren instalazioa zabalik mantendu ahal izateko, eta zalditegiak hustu eta desarmatu ziren. Eta, programa xumearekin eta berrikuntza handirik egin gabe bazen ere, planarekin gunearen itxiera eta salmenta segurua saihestu ziren.

Karlshorst zalditegiaren sarrerako ate ederra.
Karlshorst zalditegiaren sarrerako ate ederra.

Egun kolorgetua dago Pferdesportpark, iraganaldi loriatsuagoa ezagutu duten gisako beste hainbat toki bezala. Ostalgie deitu izan zaionaren adierazle bat gehiago da Berlinen. Orga lasterketek ez dute batere xarmarik galdu, eta ospe eza dela eta plan oso merkea da gainera. Sarrerarik ez da ordaindu behar izaten, eta euro bakarrekin egin daiteke apustua. Erretretadunez betetzen dira horregatik jaialdiak. Harmailan baino, azpiko aretoan ematen dute eguna pantailei so, saririk izan ote duten egiaztatu orduko txartel berriak betetzen.

Karlshorstetik pasatzeko datarik onena Deutsch-Russischen Festtage delakoa da. Bersarin jenerala omentzeko festibala antolatzen da asteburu osoan zehar ingurumarietan, musika, jaki eta edabe errusiarrekin. Eguraldia lagun, ostiraletik igandera ehun mila lagunetik gora biltzen dira. Urte osoan lasterketak zapaturako uzten dituzten asteburu bakarra izan ohi da horixe. Gainontzekoan, ostiral arratsean edo igande eguerdian ospatzen dira, neguan deskantsurik hartu gabe. Jaiegunetan, matineéak 11.30etan hasten dira.

Pferdesportparken programa urte osorako egon ohi da eskuragarri aurreko sasoiaren hondarrean. Treskowallee etorbideko 129 zenbakian dago zalditegia, eta sarrera ikusgarriarekin ez dago galtzeko inongo arriskurik. Karlshorst da hurbilen dagoen geltokia, S-Bahneko 3 lineakoa, berrogeita hamar metro eskasera. Tranbiaren bizpahiru lineek ere parean dute geralekua.

Berlin beste bi zalditegi daude egun: aipatu Mariendorfekoa, eta Hoppegartenekoa. Azken ere Ekialdeko Berlinen dago, erdialdetik are urrunago. Harresia erori arte utzita egon zen, baina egun apustu enpresa handien eskutik indar handia berreskuratu du. Lasterketak (klasikoak, orgarik gabe) Karlshorstekoak baino askoz maila altuagokoak dira, baina sarrera ez da doakoa eta edabe eta saltxitxak askoz garestiagoak dira.

Bidali iruzkina