Alemaniako Parlamentuak, Bundestagak, 630 eserleku ditu. Legealdi honetan, 237 emakumezkorentzat gorde dute tokia bertan, hiru biltzarkidetik bakarrarentzat alegia. Angela Merkelen demokristauen kasuan, 309tik 79koa da zenbatekoa. Genero politiketan, Mendebaldeko Europako potentzia atzeratuena da Alemania, Italiarekin batera. Kuotek ez dute prentsa onik, berdintasuna “modu naturalean” iritsiko dela iragarri ohi dute listak matxiruloz lepo aurkezten dituzten alderdiek. Ez da beti horrela izan. Duela ia ehun urte, Parlamentuaren erreforma erradikala aldarrikatzen zuen ahots bat zegoen: Reichstagetik gizonezko guztiak ostikoka bota eta Alemania emakumeek gobernatzea proposatzen zuen Claire Waldoff kabaretaria.
‘Raus mit den Männern aus dem Reichstag’ abestia Berlingo antzokietan algarak eragiteko idatzitakoa da, 1926an, Weimarko Errepublikaren garaian. Letrak saiakera feminista garaikide batetik ateratako kontzeptuz josita ageri dira ordea. Emantzipazio hitza ahotan darabil Waldoffek, emakumeen borroka eta jazarritako arrazena bat direla kantatzen du:
Historia osoan zehar eman da
emantzipaziorako deia,
gizakitik infusoriora.
Toki guztietan nahi du emakumezkoak tronua.
Hawaiiko beltzetatik Berliner Rangera*,
dei batek trumoiaren moduan orro egiten du, beraz:
Gizonek egiten duten guztia, aspalditik dakigu guk
eta beharbada askoz hobeago.
Alde gizona Reichstagetik!
(…)
* Die Berliner Range 1913ko filma da, emakumezko protagonista bat izan zuen aurrenetakoa.
Urrezko aroko kabaretarien artean, ez dago Berlinen Claire Waldoffenaren moduko aztarnarik utzi duenik. Bere errepertorioa freskatzen duten emanaldiak ohikoak dira egun ere hiriko ostatuetan, bere errepertorioa harro freskatzekoa eta defendatzekoa delako oraino. Andrea Hüber-Rhone abeslariak aldian behin omenaldia egiten dio, urrutira joan gabe. 80. hamarkada bukaeran Keine Ahnung punk taldean aritutakoa da Hüber-Rhone, gero Rammstein sortuko zuenetako batekin, Christoph Schneider bateria-jotzailearekin. Waldoffen kantak “20. hamarkadako punk” moduan definitu ohi ditu.
Berlingo hizkeraren eta Schnauzearen (hiriko aldarte ironiko eta ozpindu klasikoa) ordezkaritzat jotzen bazaio ere, Claire Waldoff ez zen berlindarra. Clara Wortmann bezala jaio zen 1884an Gelsenkirchenen, Ruhr industriatsuan. Hannoverren hazi zen, iparraldean, eta bere 1953ko autobiografian idatzita utzi zuenez, diru faltagatik sendagile ikasketak egitearen bere asmoa baztertu zuenean bilakatu zen antzezle. Saxonian eta Silesian biran ibili ondoren, Berlinera 1906an ailegatu zen. “Hiri erraldoi hura lehen aldiz ikusita, txunditu egin nintzen”, idatzita laga zuen. “Segituan antzeman nituen bere ezaugarri bereziak, bere tempo harrigarria, bere izaera, bere adore bikaina”. Urte batzuz lagunen eskupekoak behar izan zituen fakturak ordaintzeko; antzezlan eta soinurik gabeko filmetan paper txikiak aldizkatzen zituen. Potsdamer Straßeko Roland von Berlin kabaretean aukera eman zioten 1908an, fede gehiegirik gabe. Bere abesteko modu berritzaileak bizkor bihurtu zuen izar entzutetsu. Bigarren eskuko soineko bat erosi behar izan zuen, hori bai. Gizonezkoen arropak jantzi ohi zituen Waldoffek, Eton Style deitutako horrekin, baina galarazita zegoen Berlinen behin gaueko hamaikak igarota emakume bat gizonezko arropekin azaltzea.
Marlene Dietrichen jagole
1917an, hil arte bere bikotea izango zena ezagutu zuen, Olga Freiin von Roeder antzezlea, Estatu Batuetako artista familia batean hezitakoa. “Loteria tokatu zitzaidan berekin, ohorezko pertsona da, zoragarria”, lausengatu zuen Waldoffek. Sekula ez zuten ezkutatu bikote zirenik. 20. hamarkadarako kabaretaren erregina zen Claire Waldoff Berlinen, eta bere etxean ere klub txiki bat zabaldu zuen Von Roederrekin, hiriko gay eta lesbianen kutuna. Ez zen ghetto bat: Kurt Tucholsky eta garaiko beste kazetari eta idazle asko Waldoff eta Von Roederren lagunak ziren. Marlene Dietrich izeneko gazteak sarri bisitatzen zituen etxean. Dietrichek Waldoffi janzteko modua -garai hartan bitxia emakume batentzat- kopiatu ziola bistakoa da. Kabareta egiteko oso bestelako estiloa zuen Dietrichek ordea, kanonikoagoa.
1871z geroztik, Alemaniako zigor-kodearen 175. paragrafoak gizonezkoen arteko harremanak delitu moduan tipifikatu zituen. 1994an legea baliogabetu zen arte, gizartearen sexismoak babestu zituen lesbianak. Legegileen pentsamoldeetan ez zen kabitzen sexu berekoekin harremanak zituzten emakumeak kalean, parkeetan, ostatuetan edo antzokietan libre agertzearen aukera. Gizonezko homosexualak bakarrik aipatzen ziren 175. paragrafoan.
Lesbianak zirela lau haizetara zabaldu ez, baina ezkutatu gabe bizi izan ziren Waldoff eta Von Roeder. Gizon batekin hitzarmenezko ezkontza gabe, Anita Berber eta beste askok egin moduan. Ez zen atrebentzia makala “Oh Jauna, zein tontoak diren gizonak!” bezalakoak kantatzen zituen artista batentzat. Abestiak bere bizitza pribatua zaintzeko erabiltzen zuen fineza berarekin idazten zizkioten bere letristek Waldoffi. Iraina baino nahiago zuen ironia. Iradokitzea zen bere estiloa, ez berrestea.
Naziak ez zituen zorroztasunari eta ironiari zizkioten tolerantziak ezagun bihurtu, eta azkar ikusi zuten Waldoff eta Von Roederrek Adolf Hitlerren Berlin ez zela hiririk aproposena izango beraientzat. Waldoffen errepertorioa osatzen zuten 300 piezetatik asko judutarrek idatzitakoak ziren. Botereari iseka egin zieten, betiko baloreak ezbaian ipini. “Berlin bakarra dago” normaltasuna mespretxatzen zuen hiriaren aldeko aldarria zen. 1933an galarazi zuten naziek, eduki politiko nabarmenik gabe ere. Londresera erbesteratzekotan egon zen bikotea, Parisen sarri izandakoak ziren, baina Waldoffek alemanez abesten zuen, oso zen esportatu ezinezkoa: “Herriaren artista naiz eta izango naiz. Hori da nire misioa, eta oso seriotzat dut”. Horixe zen gerra hasitakoan, agertokietan hiru hamarkada luze zeramatzan unean, bere kololariotzat zuena.
Abestiak bizitza pribatua zaintzeko erabiltzen zuen finezarekin idazten zizkioten letristek. Iraina baino nahiago zuen ironia. Iradokitzea zen bere estiloa, ez berrestea.
Hiriburuko kabaret gehienak itxitakoan, Bavarian erosi berri zuten landetxera mugitu ziten Waldoff eta Von Roederr. Egoera lasaitu bezain pronto hiriburura itzultzea zen bien asmoa, baina gerra lehertzearekin pikutara joan zen. Irratian abestu izan zuen urte horietan, kontrol lausoagoa zuten hirietan. Berlinen bere lagunen batek emanaldi bat antolatu nahi izan zion bakoitzean, debekua ailegatu zen Waldoffentzat. 1942an, Joseph Goebbels bera izan zen Schönebergeko Scalako agerraldia bertan behera utzi zuena. Xelebrekeria badirudi ere, Wehrmacht-a izaten zen gero Waldoffi soldaduentzat abesteko eskatzen ziona. Urte horretan bertan okupatutako Parisen egin zuen halakorik.
Behin Bigarren Mundu Gerra amaituta, zaharregia zen Waldoff bere ibilbide artistikoa suspertzeko, gaixotasunak jota ere bazegoen. Berlinen 1950an abestu zuen azkenekoz. Hainbeste maite zuen hiria birrinduta ikusteak berebiziko atsekabea eragin omen zion. 1957 hil zen Claire Waldoff, Bavarian. Sei urte beranduago Von Roeder. Elkarrekin ehortzita daude biak, Stuttgart inguruan.
Utzi zituen grabazioek, imajinatzeko modukoa da, hala-moduzko kalitatea dute. Bere ahotsik gabeko imitazio merke asko ere badago merkatuan.