The Big Eden’ 2011n estreinatu dokumentala filmatzen hasi zenean, Peter Dörfler zuzendariak uste zuen oso zaila suertatuko zitzaiola Rolf Eden playboy higuingarria ez gorrotatzea. Lanak amaitu, eta Rolf Eden ez maitatzea are zailagoa dela ondorioztatu zuen.
Erdeinatua izateko diseinatu dela dirudien biografia du Edenek. Israelgo armadarekin arabiarren aurkako lehenbiziko gerran aritu zen. Diskotekekin Berlinen inperio bat eraiki, eta batutako diruarekin etxebizitzekin espekulatzera pasa zen, kale osoak erosi eta are nazkagarriago aberastu arte. Milaka emakume ego neurtezinaren osagarri bailira erabili ditu. Bere zazpi haurretatik zaharrena, Iris, Kai gazteena baino 37 urte nagusiagoa da. Prostituzioaren babesle sutsua da, eta telebista saiorik txatxuenean hori eta antzeko iritziekin irrigarri geratzea ez zaio axola izaten. 86 urte beteta, 31ko neska-laguna du, Alina. Baina ordu txikitan “dama gazteekin” saiatzen jarraitzen duela dio (gauero irteten da oraindik auto zuri-zurian). Eta sinetsi behar bazaio, batzuk etxera laguntzen diote: “Gogor egiten dute lan. Guztiek hil nahi naute”.
Bere testamentuan dago Alemania osoa asaldatu zuen bere azken burutazioa. Emakumezko batekin larrutan ari dela Eden bihotzekoa emanda hiltzen bada, 300.000 euroko saria jasoko luke ohean bizirik geratzen den bakarrak. Sexu-filantropoak arrakasta gabe saiatzen ari diren boluntario ugari daudela harro azaltzen du elkarrizketetan. Berlingo pertsonaia lotsagarriaren titulu ofiziosoa du aspalditik. Ados ote den galdetzen diotenean barrez hasten da, eta beti erantzun bera eman (errepikatzeko joera galanta du tipoak): “Lau milioi biztanleko hiritzarrean ni naizela lotsagarriena? Hala bada, oso ongi iruditzen zait”. Hala bada, ez gaude gaizki.
Lazeriari iseka
Deigarria da, baina berlindarren enpatia eragin dezaketen bere bizitzaren atalez nahiago izaten du ez luzatu Edenek. Juduak izaki, bere gurasoek Palestinara, Haifara egin behar izan zuten naziengandik ihesi, 1933an, eta aitak bere enpresa txikiak galdu zituen. Taxilari bezala aritu ondoren kafetegia zabaldu zuen. Rolf gerrara deitu, eta 1.200 lagundik 800 galdu zituen batailoian aritu zen, Jitzchak Rabinen agindupean. Pareko soldaduak hil zituela kontatu ohi du, baina baita bizitzan dauden mirariekin (emakumeak aipatzen hasten da gudu-zelaiaz ari denean ere, horrelakoa da), gerraren zentzugabekeria argi antzeman zuela. Erlijioena da errua bere ustetan. Tentelkeriatzat ditu, eta Eden berak ez du gogoratzen sekula sinagoga batera bere kasa sartzerik. Tradizio judutar bakarra maite du, zirkunzisioa: “Emakumeek higienea maite dute, egin kasu, ondo dakit zertaz ari naizen” zehaztu zion Süddeutsche Zeitungi.
Gerra amaituta Parisera egin zuen Edenek, 1950ean. Lehenbiziko hiru haurrak urte horren bueltan izan bazituen ere, ez zien arretarik batere eskaini. Gaua ezagutzen lanpetuegi zebilen, abesten ikasten, tabernari, txofer egiten. Orduan hasi zen bere bizitza filmatzen. Zinema maite zuen, aktore bezala lehenbiziko paperak lortzen ari zen, eta bere bizitza festa bat izatera zihoalako edo, kamera bat hartu zuen eskuan. 60 bat urte daramatza bakarkako Big Brotherrean.
Tentelkeriatzat ditu erlijioak, eta Eden berak ez du uste sekula sinagoga batean egon denik. Tradizio judutar bakarra maite du: zirkunzisioa.
Familiakoen aholkuei entzungor, 1955ean jaio zen hirira itzultzea erabaki zuen. Gerra osteko Mendebaldeko Berlin jolastoki aproposena zen Parisen ikusitakoarekin zerotik hasteko. 20. hamarkadako jarrera hedonista berreskuratzen ari zen hiria dagoeneko. AEBtako armadaren egoitza batean tabernari aritu ondoren, Ku’Damm inguruan Eden-Saloon zabaldu zuen. Berlinera bizitzera itzultzen ziren garai bateko hiriko biztanleek 6.000 markoko saria zuten. Dirutza zen. Bere inperioa azkar hedatu zen, eta hamarkada bat geroago, bospasei kabaret, antzoki eta dantzaleku arrakastsuren jabe zen. Ezagunena, Big Eden, 1967rako martxan zegoen.
Celebrity-ak diskoteketara ordainpean eramaten aitzindari izan zen. Komunikabideak erakarrita, bere lokaletan egon beharra zegoenaren esamesa zabaltzen zuen. Berlinen gaua industria kapitalista moduan lantzen ere aurrena izan zen. Hein batean, gaur egungo festaren hiriburuaren bidea urratu zuen. Disko-jartzailearen figura garrantzitsua izango zela azkar usaindu zuen, esaterako (ordura arte zuzeneko bandak askoz hedatuagoak zeuden). Berak emakumezkoak aukeratzen zituen; batzuk ia larrugorritan aukeratzen zuten musika. Striptease-a zabaldu zuen hiriburuan.
Behin Harresia erori ondoren, bata bestearen atzetik Eden markadun areto guztiak saldu zituen. Bata bestearen atzetik joan ziren guztiak ziztu batean porrot egiten. Akaso bera gabe ez ziren dagoeneko interesgarriak. Edo akaso azeri usaindu zuen, beste behin, Berlin berriz batzearekin ilargiak ez zituela lehengo bazter berberak argituko. 90. hamarkadan gazteak Mittera aldatu ziren, technoa iritsi zen, Tresor eta WMFekin. Ku’Dammeko klubak erortzen joan ziren. Big Edenen 2008ko itxierak (jabe berriekin) aro baten amaiera suposatu zuen.
Diruz betetako zakuekin bankura
Sexuari ezker, sekula ez dela gaixotu dio Edenek. Bere negozioekin jarraitzea ahalbidetzen dio horrek, egun ia egitekorik ez badu ere. Etxebizitzen alokairuan sartu zen aspaldi, eta “diruz betetako zakuak bankura eramatea” beste betebeharrik ez omen du izaten. 800 baten jabe omen da. Eraikin osoak bereak ditu, eta azken urteetan Berlinen eman den alokairuen igoera bizkorrarekin, bere botoxez betetako irribarrea are egonkorragoa bihurtu da: “800 pertsona lotara joaten dira gauero, eta gainera ordaindu egiten didate”.
Bere familia ere patrika baliatuta zaindu izan du. The Big Eden filmeko eta elkarrizketetako bertsioa sinetsi behar bada, haurrekin eta haien amekin harreman atsegina du. Guztiek ezagutzen dute elkar, guztiak izaten dira Edenen urtebetetze festetan. Igandero Die Eierschale jatetxean egiten du mokadutxoa, Dahlemen, eta beti izaten omen da familiakoren bat bere alboan. Andreas Baaderren ihesaldia gertatu etxaldetik 50 metrora dago Die Eierschale.
Celebrity-ak diskoteketara ordainpean eramaten aitzindari izan zen. Disko-jartzailearen figura garrantzitsua izango zela azkar usaindu zuen.
Bere bi Rolls-Royceetako bat ikusteko, gauez Charlottenburgetik paseatu beharra dago. Betiko ohiturak mantentzen ditu; egun, ordea, diskoteka klasikoak baino, nahiago omen ditu sexu-klubak, urteekin aurretiko joko guztiek gogaitu egiten dutelako edo. Hil arte lardaskan jarraitzeko asmoa omen du. Badu denbora. Izan ere, behin bere zazpi familien eta haiek zor ditzaketen familia guztien etorkizun ekonomikoa bermatuta, egiteko bakarra geratzen zaio. Max, Patrick eta Kai seme gazteenek eta bere bilobek zirkunzisioa egin dezaten konbentzitzea.