Hitlerren Marina d’Or

Stachelbeer (CC BY).

Holokaustoaren horrorea dela eta, historiara oin puntetan pasa zen beste aldrebeskeria egundoko bat: nazionalporlanismoa. Prorako hondartzako bloke huts amaigabeak, Rügen uhartean, zoramen haren lekuko dira. Orain, espekulatzaileak naziek erdizka utzitakoa amaitzera doaz.


Hamabi metro karratu eskas, leiho bakarrarekin. 80 zentimetro zabal ziren bi ohe, eta armairu, mahai eta aulki txiki bat. Komun eta sukalde partekatuak. Logela guztiak itsasora begira, korridoreak eta beste guztia atzealdean. Urtero bi astez, langileentzat paradisua. ‘Kraft durch Freude’, Indarra zorionaren bitartez Adolf Hitlerren gobernuaren programak merituak pilatzen zituzten herritarrentzat aurreikusten zituen oporrak dira. Seebad Rügen gunean, munduko mota horretako handiena izan behar zuenean. Ibili eta ibili, eta zure koinatuak Cambrilsen alokatu zuen apartamentu hura ez zegoen hain gaizki ere.

20.000 lagunek esnatutakoan Baltikora bistak izan zitzaten, ia bost kilometro hondartza porlanez josi beharra zeuden. Teorian gero paraje beldurgarri hartaz gozatu behar zuten beharginetako batzuk eraiki zituzten, 1936 eta 1939 artean, blokeok. Bederatzi mila lagun ziren, Bigarren Mundu Gerra hastearekin Proratik atera eta armagintzan ipini zituztenak. 1938an, 237,5 milioi markoko kostua aurreikusten zen obrarentzat, gaur egungo ia mila milioi euro. Kosta osoa lurpeko metroz lotzeko plana ere aztertu zen (Metroa kostan? Bost kilometro? Non irakurri ote dut hau nik lehenago?).

Clemens Klotz-en proiektu batek irabazi zuen Hitlerren arkitektoak, Albert Speerrek, gainbegiratutako lehiaketa. Disparatea dirudi, baina egitasmoa inbidiaz hartu zuten Europan. 1937ko Pariseko Munduko Erakusketan sari bat eman zioten. Zortzi zatitan banatutako oporretako hiriaren erdian, hogei mila bisitariek ikuskizunez goza zezaten, pabiloi erraldoi bat ere diseinatu zen. Olatudun bi igerileku, zinema, antzokia, eta naziak eraikitzen ari ziren gurutzaontzi erraldoientzat portu bat nahi zituen Hitlerrek bertan. Führerra bera ez zen lanak gainbegiratzera hurbildu. Hondartza zale baino mendizaleagoa zen, eta oporrak Bavarian ematen zituen.

Zortzi ataletan banatutako desmasiaren armazoiaren zati handi batek batere mugitu gabe han darrai, laurogei urte geroago. Inork ez du sekula souvenir nazionalporlanista eraisteko ilusio berezirik azaldu. Ezta sobietarrek ere: gerra irabazi eta 1955 arte base militar bezala erabili zuten Prora, eta ondoren Ekialdeko Alemaniari laga (Mecklenburg-Aurrepomeranian dago Rügen, Stralsund hiri atsegina da kontinentera lotura).

DDRko armadak jaso zituenerako, konplexuaren bost zati geratzen ziren tente, bi kilometro pasa eraikin. Guztiak oso egoera txarrean zeuden, baina bitan bakarrik egin ziren konponketak hasieran. Entrenamendu gune bezala erabili zen Prora orduan. Paraxutistak, misio berezietarako soldaduak… Oporretarako hiria berpizterik nahi ez, eta publikoari itxita eduki zuen Ekialdeko Alemaniak. Baltikoko bazterrik ederrenetakoa tiroak jotzeko bakarrik erabili zen ia 50 urtetan.

Errefuxiatuen aterpe, 90. hamarkadan

Berlingo Harresia erortzearekin, aberrazioa historiatik borratzeak tentatu zuen Helmut Kohlen gobernua. Baina jakina da hango eta hemengo politikariak askoz abilagoak izan ohi direla porlana zelaietan zabaltzen, gero handik erretiratzen baino. Bundeswehr-ak (Alemaniako armada) 1992ko amaieran utzi zuen konplexua, eta bisitariek Rügenen edertasunaz bere osotasunean gozatu ahal izan zuten berriz. Alboko herriak (Binz, Sasnitz, Bergen) biziberritu egin ziren, eta handiki bat baino gehiago Hitlerren egitasmo zaharra nola edo hala berreskuratzearekin amesten hasi zen. Hutsetik ia hamar kilometroko hondartza bat, esplotatzeke. Ezein espekulatzaileren fantasia onanista dirudi.

Birziklatze prozesua bekatuan erori gabe abiatu nahi izan zen. Balkanetako Gerraren garaian, ehunka batzuk errefuxiatu hartzeko moldatu ziren soldaduentzako logela izandakoak. Hirugarren bloke deiturikoa gazteentzat aterpe bezala moldatu zen ondoren, Europako handiena garai hartan. Meckenburg-Aurrepomeraniako gobernuak Prora enkantean nola ipini eztabaidatzen zuen urteetan, bandalismoagatik okerrera egin zuen eraikinen egoerak.

Politikariak askoz abilagoak izan ohi dira porlana zelaietan zabaltzen, gero erretiratzen baino.

2004ean, saihestezina zena gauzatzen hasi zen. Prora osorik ordainduko zuen espekulatzaileren baten bila aritu eta batere topatu gabe, zatikako salmenta hasi zen. Urtero joan dira etxegile ezberdinak etxetzarrak eskuratzen. Mecklenburg-Aurrepomeraniako erakundeek gorde zuten iparraldera ematen duen izkina, aterpetxea eta dokumentazio gunea egonkortzeko. Ez dago 2011n zabaldutakoak bezainbeste ohe dituen aterpetxerik Alemanian.

Nazien egitasmoa Prorarako. Erdikoa 20.000 lagunentzat edukiera lukeen eta eraiki ez zen pabiloia da. Zortzi zati ageri dira; gaur bost  geratzen dira osorik zutik, beste hiru ia lurrean daude.
Nazien egitasmoa Prorarako. Erdikoa 20.000 lagunentzat edukiera lukeen eta eraiki ez zen pabiloia da. Zortzi zati ageri dira; gaur bost geratzen dira osorik zutik, beste hiru ia lurrean daude. Dokumentationszentrum Prora.

Nazionalporlanismo operazioa negozio eskoletan zutik txalotzeko modukoa izan da. Blokeak (ehunka metrotako munstroez ari gara) txanpon apur batzuen truk saldu ziren: merkeena 625 mila eurotan, bat bera ere ez hiru milioi baino garestiago. Eraikin gehienek biluzik baina sendo asko eutsi diote 80 urtetako kresalari, eta zaharberritzea baino ez dute behar.

Milioi parea inbertitu, ehunka jaso

Espekulatzaileen mozkinak kalkulatzen hasi eta litekeena da zeroren bat bidean galtzea. Har genezake dagoeneko berritu diren 1 eta 2 blokeen kasua. Hitlerren pospolo kaxak ahaztu eta etxebizitza handituekin merkaturatu dira. Laurehun bat atal bakoitzean. Duplex, terraza, igerileku… katalogoen diseinatzaileei nabarmentzea gustatzen zaien hitz gozo horiekin. ‘Pearl’, ‘Prince’ edo ‘Amber’-en moduko izenak dituzten apartamentuek uste baino askoz azkarrago topatu omen dute jabea.

Hotel eta saltoki-gune batentzat ere tokia geratu zaiela kontutan hartuta, aipatu bi blokeak berritu dituen partzuergoak ehun milioiko inbertsioa lau edo bost bider biderka dezake urte gutxitan, ondo bidean. Bost milioi baino gutxiagotik eskuratutako kosta kilometro bat dela kontutan izanda, ez dago batere gaizki.

Giltzak eskuratu berri dituzten etxebizitzen jabeak sarri elkarrizketatu izan dituzte egunkari eta telebistek azkenaldian. Gehienak zonaldeko erretirodunak dira: Stralsund, Rostock, Greifswald, Berlinekoak. Alemania Ekialdekoak izanda ere orain arte ezagutzen ez zuten hondartzan lasaitasuna bilatzen omen dute. Kafeak eta jatetxeak laster zabalduko dituztenaren itxaropena dute.

Eraikinek ez zuten asko behar. Leiho berriak, fatxadak eta barrualdeak txukundu, eta erabiltzeko prest. Hau aterpetxea da. David Kasparek (CC BY).
Eraikinek ez zuten asko behar. Leiho berriak, fatxadak eta barrualdeak txukundu, eta erabiltzeko prest. Hau aterpetxea da. David Kasparek (CC BY).

Alemanian ukitzeak ere kalanbrea eragiten duten kontuen kutxan eduki izan da Prora luzaroan. Urteekin, ordea, belaunaldi berriek ikararik gabe egin dute bere Rügen irlaren ekialdea. Aterpetxearen inguruan ospatu ohi den Her Damit house eta techno festibalera milaka gazte batzuk gerturatzen dira maiatzero, 2014az geroztik. Berlindarrentzat ere asteburuko txango tipikoa da, kanpin-denda merke (edo doan, ezkutatzeko dauden milaka txokoetan) paratzeko aukera baitago. Kontinenterako loturek traketsak izaten jarraitzen dute, hori bai. Horiek hobetzea ez da eraikuntza enpresen betebeharren eta konpromisoen artean izaten.

Alemanian ukitzeak ere kalanbrea eragiten duten kontuen kutxan eduki izan da Prora luzaroan.

Bizikletaz inguratzeko irla bikaina da Rügen, ondo seinaleztatutako bidexka mordoekin. Sassnitzetik (Prora alboan dago), Baltikoko hainbat portura doazen itsasontziak irteten dira: Trelleborg, Suedian, Polonia parean dagoen Bornholm Dinamarkako uhartea, edo Saint Petersburg.

Neguan, turistarik ez dagoela eta, aterpetxean bertan siriako errefuxiatuak ere hartu dituzte azkenaldian. Mecklenburg-Aurrepomerania ultraeskuinaren gotorlekuetako bat da Alemanian, eta ez da habitat samurrena suertatu beraientzat (90. hamarkadan arazo are larriagoak eman ziren Rostocken Balkanetako errefuxiatuen aterpetxeen aurkako erasoekin).

Naziak, armada edo errefuxiatuak ahaztu, eta Proran etxea erositakoek lasaitasun apur bat baino ez dute gura, segur asko. Historiaren arrastoak leiho eta azulejo berriekin estaliko dira. Beste eragozpen batzuk disimulatzea zailagoa da: Mallorcan, itsasoa Baltikoko bazter honetan baino hamar gradu epelago egoten da, urte-sasoi guztietan.

Igerilekua klimatizatua bada, badu zentzua. Itsasoaren tenperatura ez da 17 gradutik pasatzen.
Igerilekua klimatizatua bada, badu zentzua. Itsasoaren tenperatura ez da 17 gradutik pasatzen. Metropole Marketing GMBH.

Bidali iruzkina