Gora Alka-RAF tourra

David Bowieren Schönebergeko helbide kuttunei bisita? Aspergarria! Agirre lehendakaria zein kaleetan ibili ote zen asmatzen saiatzea? Zzzzzz, nire zurrungak batzokitik ere entzuten dira. Armada Gorriaren Frakzioa eta Ulrike Meinhof: horien aztarna urriak bai direla interesgarriak…


Ez da falta Euskal Herrian Armada Gorriaren Frakzioaren (RAF) groupierik. Berlin Aleak ez dago horien artean, ildo editoriala edukitzeko ere alferregia delako. Baina ukaezina da taldearen historia arras erakargarria dela. Ez dugu hemen laburtuko, segi Wikipediara oroimena freskatu beharra baduzu. Ziento bat webgune, liburu eta telefilme eskaini zaizkio RAFi. 2008an arreta berezia bereganatu zuen, adibidez, Uli Edel zuzendariaren Der Baader Meinhof Komplex thrillerrak. Bizi-bizia da, baina horrelakoetan gertatu ohi den moduan pertsonaiak karikatura bilakatzen ditu.

RAFen historiaren lekuko diren hiru aztarna garrantzitsu daude hirian, horiexek osatzen dute Berlin Aleaken Alka-RAF tourra. Komeni da zehaztea taldea bertan aktibatu eta lehenbiziko ekintza (hiru bankuren lapurreta) hemen burutu bazuen ere, azkar laga zutela kideek Mendebaldeko Berlin garai hartan zen irla isolatua.

Ulrike Meinhofen hilobia, Mariendorfen

Kartzelan gertatutako RAFeko militanteen heriotza guztiak ilunak izan baziren, Ulrike Meinhofenak ikatz kolorea izan zuen. Bere burua urkatu zuenaren bertsio ofiziala zalantzazkoa dela esatea eskuzabala litzateke. Autopsia egiten hasterako organo mordoa eta azazkalak falta zitzaikion gorpuari. Lekukoen arabera, umore onez eta lanean zebilen aurreko egunetan, eta oharrik ez zuen batere idatzi. Prentsak Gudrun Ensslin kidea eta Meinhofen artean RAFeko emakumeen katu borroka bat egon zela saldu izan nahi zuen, eta balizko suizidioa horregatik eman zela. Gidoia sexista izateaz gain, Ensslinek heriotzaren unean bien arteko harremana inoiz baino hobea zela adierazi zuen. Kasua argitzeko eratu zen nazioarteko komiteak apenas izan zuen modurik azterketa egoki bat egiteko. Ziega margotua izan zen Meinhof hil eta bi egun pasatzerako, eta gorpuak atal garrantzitsuak falta zituen. Ondorioa, halere, bere buruaz beste egiteko baliabiderik ez zuela izan zen, eta tartean gutxienez beste pertsona bat nahastu zela.

1976ko maiatzaren 15an ehortzi zuten Ulrike Meinhof Dreifaltigkeitsfriedhof III (zuzen dago, teklatua ez da blokeatu) hilerrian, Berlingo Mariendorf auzoan, hil zela sei egun baino ez zirela. Ez dago oso argi zergatik aukeratu zen toki hura; prentsan zabaldu zenaren arabera, Mendebaldeko Alemanian bere gorpuzkiak onartu zituen hilerri bakarra izan omen zen. Sinestezina badirudi ere, 2002an bere burmuina Magdeburgoko Unibertsitateko klinikan agertu zen, eta abenduaren 22an hilobia zabaldu behar izan zen organo hau ere bertan sartu ahal izateko. Hil eta berehala medikuek aztertu zutenean, Tübingenen, 1962an kendutako tumore onbera baten zantzuak topatu omen zituzten bere amigdalan. Ebakuntza horrek bere izaera aldatu zuenaren hipotesiarekin jokatu zuten. Kartzelan zendu beste kide batzuen burmuinen analisia ere egin zuten. Meinhofena bakarrik agertu da.

2002an Meinhofen burmuina agertu zen, eta hilobia zabaldu behar izan zen bertan sartu ahal izateko.

4.000 bat lagun bildu ziren Ulrike Meinhofen ehorzketan, 1976an. Bertako zaintzaile batek kontatukoaren arabera, egunero izaten du bisitaren bat oraindik. Hilerriko A atalean dago hilotza (goiko irudikoa da), 12. ilarako 19. zenbakia da. Sarrera nagusitik segituan eskuinera hartu, eta 150 bat metro egin beharra dago. Hurbilen dagoen metro geltokia Westphalweg da, U6 linean.

Baader eta Meinhofen ihesaldia, Dahlemen

Badirudi Andreas Baader eta Gudrun Ensslinek orduan kazetaria zen Ulrike Meinhofi 1970 hasieran Hanburgon egindako bisita batean hartu zela RAF sortzeko erabakia. Segidan eragozpen bat izan zuten ordea: Baader atxilotu egin zuten, eta Berlingo Tegeleko kartzelan giltzeperatu. Berrogei egun baino ez zituen eman bertan; bera aske uzteko plana bizkorra eta eraginkorra izan zen. Meinhof ez zegoen fitxatuta oraindik, eta Konkret aldizkarian burutu lanagatik ezaguna zen ezkerreko mugimenduetan. Baader elkarrizketatzeko baimena eskatu zuen, elkarrekin liburua idaztera zihoazela eta. Laneko giroa behar zutenez, Zentralinstitut für soziale Fragenen, Dahlem auzoko fundazio baten egoitzan, hiru orduz biltzeko baimena eman zitzaien.

Maiatzak 14ko goizeko 9:45etan abiatu zituzten lanak Baader eta Meinhofek Bernadottestraßeko 94an dagoen etxetzarreko gela batean. Bi funtzionario eta fundazioko kide bat izan zituzten alboan. 11etan, Irene Goergens -19 urte- eta Ingrid Schubert aurpegia estalita eta armak eskuan zituztela sartu ziren eraikinean, ate nagusitik. Georg Linke izeneko langile bat tirokatu eta zauritu zuten (14 egun eman zituen erietxean). Operazioa azkarra izan zen: pare bat minuturen buruan Alfa-Romeo baten barruan zeuden guztiak. Autoz pare bat bider aldatu, baina Berlin ez zuten utzi oraingoz.

Iraultzak horrelako eraikinetan lehertzen dira.
Iraultzak horrelako eraikinetan lehertzen dira.

Ihesaldiaren ondoren, sasira pasa zen Meinhof. Taldekideak baino dezentez zaharragoa zen, 36 urte zituen, bi alaba ere bai. RAFekoek sorrera manifestua plazaratu eta Jordaniara bidaiatu zuten ekainean, Al Fatahrekin entrenatzera. Haurrak Alemaniatik atera zituen Meinhofek, ustez Palestinan hezi zitezen nahi zuelako. Bere senarra Konkreteko zuzendari Klaus Rainer Röhl zen. Lortu zuen alabak berarengana itzultzea, Sizilian hauteman baitzituzten.

Egun, Bernadottestraßeko 94an darrai Zentralinstitut für soziale Fragenek, Berlingo bazter lasai, eder eta -RAFekoek horrela deituko ote liokete- burges-kapitalistenetako batean (Rolf Edenek igandero alboan bazkaltzen du). Mendebaldeko Alemania 70. hamarkadan estu hartu zuen mugimendua bertan sortu zenik ez dago igarri ere egiterik.

Benno Onhesorgen heriotza, Charlottenburgen

Alka-RAF tourraren hirugarren geltokiak Rote Armee Fraktionekin zerikusi zuzenik ez badu ere, ezinbestekoa da taldearen ibilbidea ulertzeko, eta hamarkada luze batez Mendebaldeko gobernuaren eta ezkerreko aktibisten artean eman zen tentsio izugarriaren iturburua ezagutzeko ere.

Mohammad Reza Shah Pahlavi, Irango diktadoreak Berlinera egindako bidaia probokazio moduan hartu zuten hiritar askok (bere aita Adolf Hitlerren aliatu izan zen, besteak beste). 1967ko ekainaren 2an, Schöneberg distrituko udaletxea bisitatu zuen goizean Pahlavik. Bere aurkako protesta deituta zegoen. Irango espioi eta polizia talde batek oposizioko manifestariak zirenaren itxurak egin, eta bat-batean benetako oposizioa eta bertan bildutakoak jipoitzeari ekin zion. Alemaniako poliziak, dirudienez, ezer gutxi egin zuen enboskada eragozteko.

Gauean, operara bisita hitzartuta zuen Pahlavik, Mozarten Txirula Magikoa ikusteko hain zuzen ere. Charlottenburgeko Bismarckstraßeko egoitzaren ingurumarian ehunka manifestari bildu ziren. Goizean baino askoz gehiago ziren, Schönebergen gertatutako zabaldua baitzegoen ordurako. Irango indar sekretuetakoak berriz hasi ziren bertaratutakoak zirikatzen, eta erantzuna emandakoan, Mendebaldeko Alemaniako polizia izan zen gogor oldartu zena. Krumme Straßen behera ihes egin zuten hainbatek. Tartean, halako protesta batera lehenbizikoz joandako Benno Onhesorg 27 urteko ikasleak.

Alfred Hrdlickaren 'Manifestariaren Heriotza', Deutsche Oper eraikinaren alboan, Charlottenburgen.
Alfred Hrdlickaren ‘Manifestariaren Heriotza’, Deutsche Oper eraikinaren alboan, Charlottenburgen.
Benno Ohnesorgen heriotzari buruzko informazio panela, Krumme Straeen.
Benno Ohnesorgen heriotzari buruzko informazio panela, Krumme Strassen.

Kaleko 66. zenbakiko atarira sartu ziren lasterka Ohnesorg eta beste batzuk, agente batzuk inguratu zuten manifestari batekin zer gertatzen ari ote zen ikustera. 20.30ak aldera, polizia arroparik gabe zihoan agente batek, Karl-Heinz Kurrasek, tiro egin eta Ohnesorgen buruarekin bete-betean asmatu zuen. Erietxera iritsi baino lehenago hil zen, guztia hurbiletik bizi behar izan zuen eta haurdun zegoen bere emaztea (ezkonberriak ziren) bertan zelarik.

2009an, desklasifikatutako Stasiko artxiboetan Kurras hiltzailearen izena topatu zuten. Ekialdeko Alemaniako espioia izandakoa zen.

Hilketa milioika kilowatteko kalanbrea izan zen dagoeneko elektriko zegoen giro politikoan. Prentsaren zati handienak ezkerreko ekintzaileei egotzi zien gertatutakoaren errua. Kurras aske geratu zen epaiketan, eta unibertsitateetan faxismoaren oinordekotzat ematen zen sistema politikoaren aurkako ekimenak barra-barra hedatu ziren. Handik oso gutxira sortu ziren Ekainak 2 mugimendua (gertakariaren eguna zeramaten izenean) eta RAF bera, eta bietako partaideek aipatu zuten Benno Ohnesorgen heriotza taldeen sorreraren akuilu funtsezkoenen artean.

2009an, desklasifikatutako Stasiko artxiboetan Kurrasen izena topatu berri zela zabaldu zen. Hiltzailea Ekialdeko Alemaniako espioia izandakoa zen hamarkada luzetan. Aspaldi erretiroa hartuta bazegoen ere (82 urte zituen), Smith & Wesson bat atzeman zioten etxean, 171 balarekin. Prentsan eskandalua eragin zuen albisteak, bistan denez. Ez zen inongo zantzurik topatu, ordea, Stasi operaren kanpoaldean gertatutakoarekin lotzen zuenik. Historialari batzuen teoria da Kurrasek, inorekin kontsultarik egin gabe, Mendebaldeko Alemaniako gobernua kolokan ipini zezaketen ezkerreko mugimenduak suspertu nahi izan zituela. Ez da baieztatu ordea, psikopata arrunt bat zenik ere ez. Hiltzailea bera 2014an zendu zen, eta Stasiko agentea izan zela bai, baina Ekainaren 2 hartan zergatik tiro egin zuen sekula zehaztu nahi izan.

Bidali iruzkina