Transducer Efdemin

1990eko urtarrilaren 8ko Hohenschönhausen ezin grisagoan, astelehen goizez bagoira igo eta Mittera goaz. Technoaren gris guztiak barruan dituen abestiak lagunduko digu. Dena ez da astuna izango: tranbiak lebitatuz gurutzatuko du Prenzlauer Berg, ziztu batean zentrora iritsi arte.


Hohenschönhausen grisa eguraldiagatik idatzi dugu, lanbroa altxatzeke dagoelako oraindik, begiratu azpiko bideoa bestela. Berlin Aleaken ildo editorialak ez dio ezer garai hartako Hohenschönhausen eta orohar Alemania Ekialdearen gristasunari buruz. Eta lanbroa ere oraindik sarri izaten dugu, Hohenschönhausenen eta Mitten.

Efdemin berak Youtubeko bere kanalera abestiaren bideoa igo, eta Super 8 batekin 1990ean, Harresia erori berritan, Berlin ipar-ekialdetik abiatu eta Hackescher Marktera iristen den tranbiatik Steffy van Valangerrek grabatu zituen eta ‘Ostalgie‘ apur bat eragiten duten irudiekin konbinatu zuen. Transducer horrela entzutea hiriko techno klasikoan barrena modu baretsuan bidaiatzea bezala dela idatz lezake Berlin Aleakek, transzendente eta irrigarri ipinita. Baina Efdemin, Phillip Sollmann jaioa, Kasseleko semea da, eta Berlinera duela ez hainbeste mugitu zen. Eta Transducer eta bere edukiontzia den Decay LP aparta Japonian taxutu zituen, hiru hilabeteko bakartzean. Berlingo tranbiara ez zen sekula igo ere egingo akaso.

Ekoizle eta dj bilakatu aurretik, Efdeminek musika ikasketak osatu zituen Vienan. Kazetari eta kritiko ere izan zen, baina zulo horretatik irtetea lortu zuen. Hanburgoko Dial zigilu selektibo eta prestigiotsua eratu, eta hau idazterakoan tamalez itxita eta eraisketa mehatxupean dagoen Golden Pudel sinpatikoa bezalako klubetan izen bat egiten hasi zenerako, hasiberriek usu ez duten fardela beteta zuen dagoeneko berak bizkarrean.

Horregatik izango da beharbada, edo musikaz piperrik ez dakien eta benetako kazetaria ere oso tarteka bakarrik den Berlin Aleaken inpresio faltsua izango da, baina bere technoak badu konposizioan maisutasun berezia, eta baita halako patxada diskretu bat ere. Efdeminek pazientziaz garatu du bere ibilbidea, Berghaineko unibertso ezin errentagarriagoan egoiliar bilakatu arte. Abestiak ere bortxa gabe, jario natural batekin eraikitzen ditu, berbera dirudien baina ñabardura parea dituen geruza bat bestearen gainetik muntatuta. Eta konturatzen zareneko, tranbia iritsi da dagoeneko azken helmugara.

(Bideoa Neue Schönhauser Straße eta Rosenthaler Straße batzen diren puntuan amaitzen da, Hackescher Marktetik 100 metro eskasera. Orduko 58 linea zen. Egun ia ibilbide bera errepikatu nahiko bagenu -kale pare bat aldatu dira, hori bai- 4 linea litzateke egokiena. Bideoko azken minutu osoa den hartzen duten zatia boutique-ak ikusten emango genuke).

Bidali iruzkina