Crystal Metha hartuta, frontera

1940ko apirila eta uztaila artean bakarrik, 35 milioi dosi Pervitin bidali zizkion Temmler laborategiak Wehrmachtari, Frantziako inbasioan pizgarri erabiltzeko. Metanfetamina pastillak ziren haiek. Funtsean, Breaking Bad telesailak famatu bihurtu duen Crystal Meth berbera.


“Gogor daude gauzak hor kanpoan. Espero dut ulertzea hemendik aurrera bi edo lau egunean behin bakarrik idatzi ahal izango dudala. Gaur, gehienbat, Pervitin eske idazten dizuet. Maitasuna, Hein”. 1939ko azaroaren 9ko eskutitza da, Poloniatik. 1940 maiatzaren 20an: “Ba al baduzue Pervitin bidaltzerik, ordezko hornidura eduki dezadan?”. Uztailaren 19an: “Aukerarik izanez gero, bidali Pervitin gehiago arren”.

Eskutitzok Literatura Nobeldun batenak dira. Bigarren Mundu Gerraren ondoren saria eskuratu zuen lehen alemaniarrarenak, Heinrich Böllenak (bere Katharina Blumen ohore galdua Elkarrek argitaratu zuen 1989an). Antzeko eskariak topatu izan dira erreskatatutako beste hainbat mezutan. Fronteko Pervitinaren erabilera zabalaren erakusle dira.

1938an botiketan saltzen hasi zenetik, sendagaiak arrakasta berealdikoa eskuratu zuen. Erosleek arreta eta kontzentrazioa hobetzen zituela zioten, eta erabakiak hartzerakoan zalantzak uxatu. Fenomenoaz ohartuta, Otto Ranke armadako medikuak unibertsitateko 90 ikaslerekin frogak egin zituen, eta Pervitinak gerra irabazten lagun zezakeela ondorioztatu. Hortik gutxira hasi zen Wehrmachta soldaduen artean lehenbiziko dosiak banatzen, Polonian. Egungo Crystal Metha zen, piluletan konprimatuta, eta menpekoen artean ohikoa dena baino dosi txikixeagoan.

Hiru urte baino ez zituen eman Pervitinak farmazietan, metanfetaminek eragiten zuten menpekotasunaz ohartuta gobernuak substantzia kontrolatuen zerrendara pasa zuelako 1941eko uztailean. Wehrmachtak ez zion erabiltzeari uko egin ordea. 1942ko urtarrilan, Armada Gorriak inguratuta zituen 500 laguni Pervitina eskuzabal banatu zien medikuak. Zero azpitik 30 graduko tenperaturak nozitzen ari ziren frontean. Efektua horrela deskribatu zuen bere oharretan: “Soldadu gero eta gehiago, nekeagatik, elurretan erori eta bertan geratzen ari ziren. Pastillak eman, eta ordu erdira edo, guztiek diote askoz hobe sentitzen direla. Formazioan aurrera egin dute berriz, umore askoz hobearekin, eta arreta berreskuratuta”. Panzerschokolade ezizena ipini zitzaion metanfetaminari, eta Erresuma Batuko prentsan Alemaniako soldaduek “pilula mirarizkoa” zutela zabaldu zen.

Gerra ondoren, Mendebaldeko Alemaniako Bundeswehrrak 70. hamarkada arte jarraitu zuen Pervitin stock-ak freskatzen. Ekialdeko Alemaniako Herriaren Armadak, Berlingo Harresia erori bitartean. Garai bateko Alemaniako mendigoizaleek ere izaten zuten dosiren bat motxilan, zazpi edo zortzi mila metrora behar izaten den estra hori bermatzeko. Naziek ekoizpenik handiena behar izan zuten urteetan, Bohemian (Txekiar Errepublika) ezarritako laborategiak aritu ziren jo eta su. Errezeta haiek eskuz esku pasa izan dira, eta zonaldea metanfetaminaren Meka da ordutik. Europako Crystal Meth ia guztia bertakoa da egun ere. Alemaniako erabiltzaile asko Txekiako mugatik hurbilen dauden Saxonia eta Bavariako herrietara mugitzen dira, nahi duten hori prezio oso merkean eskuratzen dutelako bertan.

Estatu Batuetan, 70. hamarkada arte ez zuten sartu metanfetamina Controlled Substances Act delakoan. Pisua galtzeko Obetrol pilula barra-barra erabili zuten emakumeek 50. eta 60. hamarkadetan; funtsean, metanfetamina dosi txikiekin ari ziren argaltzen saiatzen. Anfetamina ere Controlled Substances Actean sartu zuten bere senidearekin batera, une berean. Speed-a Aliatuen droga izan zen Bigarren Mundu Gerran. Euskal Herriko anfetazale andanari gustatuko zaie gerra irabazi zutela jakitea.

Nazien drogen erabileraren inguruan mitologia zabala dago. Der totale Rausch Norman Ohlerren liburuak hautsak harrotu zituen 2015ean Alemanian, bost urteko ikerketen ondoren Adolf Hitler jonki moduan aurkeztu zuelako. Oso modu teatralean, Theodor Morell bere sendagile pertsonala Führerrari heroina, metanfetamina eta beste hainbat droga xiringatzen irudikatzen du Ohlerrek. Daukan informazio interesgarri askoa Pilar Urbanoren liburu txepelenetik ateratakoak diruditen asmatutako pasarte lotsagarri samarrekin nahasten du, eta horrek pisua kentzen dio testuaren osotasunari.

Bidali iruzkina