Alemaniako errege baino lehen, judo irakasle, sukaldari, bideoteka, tatuaje estudio eta kasinoen kudeatzaile eta liburu esoterikoen saltzaile izan zen Peter Fitzek. Lanbide interesgarriak dirudite guztiek, baina koroa batek beti du erakarpen-indar berezia. Bizitzan zilipurdika ibili ondoren, horregatik eraikiko zuen akaso Fitzekek Alemaniako Erreinua 2012an. Eta horregatik bere burua Peter I. izendatu, ekitalde xelebre askoan.
Mototsa daraman burusoila da Peter I., oso hurbiletik zaintzea komeni den norbait beraz. Urteetan Alemaniako erakundeek nola funtzionantzen duten aztertu, legearen zirrikituak baliatu eta burujabetzat duen eremu bat sortu zuen. Alemaniako Erreinua Wittenberg kanpoaldean dago, Saxonia-Anhalten, trenez Berlindik ordubete eskasera. Martin Luther eta Erreformaren hiria da. Ekialdeko Alemaniako erietxe bat zena bilakatu zuen jauregi Peter I.-k. Bederatzi hektareako gune hesitua da. Kanpoaldetik, leku lasaia dirudi. Bisitak ere iragartzen dituzte igande goizetarako. Berlin Aleak ate joka izan zuten behin pare bat orduz kanpoko etxolan, baina ez zioten ireki.
Wittenbergeko alkateratzera aurkeztu Peter I. 2009an, oraindik Fitzek soila baino ez zenean. Alemania Ekialdea ez da egitasmo politiko xelebreak aurkezteko munduko tokirik desegokiena, baina botoen %1 ere ez zuen eskuratu. Erakundeetako atea itxita zegoela egiaztatutakoan, erakunde propioak sortzeari ekin zion. NeuDeutschland izeneko elkarte bat eratu zuen, Alemaniaren 1937ko mugak berriz ezarri eta konstituzio berri bat idaztea xede zuena. Eta NeuDeutschland lanabes legal bezala erabilita, epaileen pazientzia noraino tenkatu daitekeen probatzen hasi zen.
Zoriona, legez
Peter I. ondasun oparoko erregea den ala ez ez dago oso argi. Berak dio bere diru-sarrerak zuzenbideari buruz ematen dituen mintegietatik datozela, eta haien grabaketen DVD-en salmentatik. Herrialde bateko legedia zehatz ezagutzeak imajinatu ezin ditzaketen aukerak zabaltzen dizkie hiritarrei, Peter I.-aren esanetan. Elkarte ziztrin baten bitartez erreinu bat altxatzea bezalakoak, adibidez.
Koenigreich Deutschland delakoa sortu zuenerako, 2012an, erreinuak konstituzioa, gizarte-segurantza, bankua eta bi moneta propio zituen, bat paperezkoa eta bestea birtuala. Lege nagusiaren artikuluak Peter I.-aren bizimoduaren isla dira, ukitu new-age eta esoterikoz betetakoak (zoriona promestu egiten da haietako batean). Behin horrelako zerbait idazten hasita, botore absolutista ere aitortzen zaio noski. Bankuak egoitza bat izan zuen Wittenbergen, non turistek eta bildumazaleek euroak ematen zituzten erreinuko markoen truke. Azkar itxi zituen ateak, iruzurragatik epaitegietan amaitzeko arriskua nabariegia baitzen.
Peter I.-ak dio bere diru-sarrerak zuzenbideari buruz ematen dituen mintegietatik datozela, eta haien grabaketen DVD-en salmentatik.
Eta iruzurragatik salaketak laster ailegatu ziren, noski. Esperimentua hasi zuenerako, agintearen begiak kokotean zituen Peter I.-ak. Eta dozenaka jarraitzaile zituela egiaztatzea nahikoa izan zen fiskalek eta poliziak bere aurka egin zezaten. Orain arte sarreran baino ez dugu idatzi, baina Alemaniako Erreinuak sekta kolorea, sekta usaina, sekta itxura eta sekta zaporea ditu. Sekta bitxia, hori bai, bere liderrak sasian ibili baino nahiago izan duelako orain arte irribarretsu agertu komunikabideetan.
Autoari “ND 1” matrikula ere harro ipini zion Peter I.-ak. Eta egoitzatik irteten zen bakoitzean poliziak jarrai ziezaioten xaxatu zituen horrela. 2013az geroztik hamaika epaiketa izan ditu ibilgailua behar ez den matrikularekin eta gidabaimenik gabe eramateagatik. Paraguayko agiri bat -ustez faltsua- erakutsi izan die agenteei eta epaileari. Alemaniako gidabaimena ba ote duen ere ez dago oso argi.
Bere bozkarioak ere izan ditu ordea Peter I.-ak. Berlingo Tegel aireportuan Mallorkara zihoan Germanwings konpainiaren hegaldira ontziratzeko txartela bere pasaporte propioarekin eskuratu ahal izan zuen. ‘Peter I., Alemaniako Erregea’ ipintzen du pasaportean, eta izen horrekin inprimatu zioten dokumentua ere. Poliziaren kontrola pasa ahal izateko arazo gehixeago pairatu behar izan omen zituen, noski. Baina joko hori, Alemaniako estatuari kilimak bilatzearena, da subiranoak gehien maite duena.
Nolako burua, halako estatua
Judoka aparta da Peter I., gerriko beltzduna, eta kirolari sutsua. Eta hau ez da Kim Jong-il zenaz bere hagiografoek idazten zituztenen gisara puztutako iruzkin bat: Youtuben ikus daitezke bere borrokak eta lansaioak. Txikitatik omen du egunero ariketak egitearen ohitura, sei urte zituela ama gaixotu eta gurpil-aulkia behar izan zuenetik. Amari botatzen dio gertatutakoaren errua; gorputzaren funtzionamendua norberak kontrolatu dezakeela sinetsita dago. Berak behar bezala zaintzen duenez, luze bizitzera doanaren uste osoa du.
Alemaniako Erreinuan ez da botika tradizionalik sartzen. Peter I.-aren ikasgaiei jarraiki eta bere sendabideak erabilita artatzen da gorputza. Gizarte-segurantza propioa ere eratu du erregeak. Epaileen susmoa da, ordea, bere jarraitzaileak seguru pribatuen, langabeziaren eta beste hainbat subsidioren diru-laguntzak Peter I.-ari bideratzen ari direla. Poliziak Wittenbergko egoitza ordu luzez arakatu zuen 2013 eta 2014an.
Bere bozkarioak ere izan ditu Peter I.-ak. Berlingo Tegel aireportuan Mallorkara zihoan Germanwings konpainiaren hegaldira ontziratzeko txartela bere pasaporte propioarekin eskuratu ahal izan zuen.
Arazorik gehien Königliche Reichsbank bere bankuak eragin dizkio. Iruzurragatik deitutako epaiketan jakin zen internet bitartez 1,7 milioi euro jaso ahal izan zituela, seiehun inbestitzaile ezberdinenak. 1,3 milioi desagertu omen dira. Nigar batean, diru hori Alemaniako Erreinua garatzeko eta aberastasuna sortzeko zela adierazi zuen, eta bera “jainkoaren agindupeko bat” baino ez dela. Epailearen aurrean eskaini izan dituen ikuskizunak ez errepikatzeko, oinak bilurrekin lotu zizkion poliziak.
Testu hau idazterakoan, Peter I. kartzelan dago, eta litekeena da urte pare bat behintzat bertan ematea. Irtendakoan bere berri egunkariren batean topatzen baduzu, seinale posiblerik txarrena izango da, Alemaniako Erreinua bitxikeriatik arazo publikora pasa dela adierazi nahiko baitu. Litekeena da, ordea, bera eta bere jarraitzaile leialenak Alemaniatik desagertzea mundu zabalean beste erreinu bat sortzeko. Espainiako irlak kontrolatu gabeko komunitate alemaniar hertsiz josita daude, esaterako. Peter I.-ak, ordea, Paraguayen omen du lursail bat zain, edo hori erantzun ohi die behintzat Alemaniako Erreinuko subirano izateak kartzelatik libratuko ez diola ohartarazten dioten epaileei.