Okupazioa Harresia erori berritan

1990ean, Harresia jausi eta hilabete gutxiren buruan, 120 eraikinetik gora okupatu ziren Ekialdeko Berlinen. Ordura arte zulo beltz bat zen Mitte auzoa biziberritu zuen olatu hark, besteak beste. Iraungitze data zuen mugimendu haren kontaketa da hau, maileguan hartutakoa.

Okupazioa, Errepublika Federalak Errepublika Demokratikoa xurgatu ondoren Ekialdeko Berlinen bizi zen giroa, technoa, Love Parade eta kluben sorrera… Hura bizi izandako batzuk gai horietan guztietan murgiltzen dira hizketaldian. Electronic Beats musikari buruzko aldizkari bikainak argitaratu zuen 2014an, eta nik itzultzea erabaki dut, gaiaz irakurri eta ikusi dudanaz egin dezakedan laugarren eskuko ezein laburpen baino askoz aberasgarriagoa delako ziur. Baimenik gabeko trakeskeria da egitera noana. Baina testu interesgarri bat euskarara itzultze hutsaren xedez egindako baimenik gabeko trakeskeria, ez da horrenbesteko trakeskeria ere.

[Goikoa Tacheles etxe okuparen atzealdea da 1990eko udaberrian, okupatu zuten garaian. Argazkia Thomas Braunerena da, CC BY lizentziarekin].


Behin Berlingo Harresia erori ondoren, gizartetik alboratutakoek, okupek eta anarkistek hondoa jotako Mitte auzoa mundu osoan ezagun bilakatu zuten. Egun profesional gazteak bazkalorduan Daft Punken zarata etengabearekin mokadu energetikoak egiteko biltzen diren eta turistek kamiseta hutsean H&Mtik Dieselera jauzi egiten duten toki berberean, garai batean Ekialdeko Alemaniak eta Harresiak utzitako hondakinek beste modu bateko etorkizuna iradokitzen zuten. 90. hamarkadan, okupazio kultura eta bere musika zuen unibertso paralelo bat azkar eratu ziren Berlinen. Hau orduko giroaren ahozko istorio harrigarria da, Einstürzende Neubautenen hasierako kide Gudrun Gut, Atary Teenage Rioteko abeslari eta Digital Hardcore Recordingseko sortzaile Alec Empire, Love Parade-aren sortzaileetako bat izan zen Danielle de Picciotto, Berlin Insane festibaleko sortzaile Steve Morell, Tresor diskoteka eta zigiluaren eta Berlin Atonal festibalaren sortzaile Dimitri Hagemann eta beste batzuen eskutik.

 
Alec Empire: Gizarteak bukatu egin daitezke. Berlingo Harresia erortzearen, baldintza politikoak modu erradikalean aldatu ziren egun batetik bestera.
Katrin Massmann [Tacheles eraikin okupa ezaguneko arduraduna izandakoa, egun diseinatzailea Humboldthain klubean]: Alemaniako Errepublika Demokratikoaren inplosioa sei hilabete lehenago hasi zen, 1989 erdialdean. Estatuaren egitura osoa gainbeheran etorri zitzaion aparatuari. Inork espero ez zuena horrelako amaiera ikusgarria zen.
Danielle De Picciotto: Mottek [Love Paradearen beste sortzailea, Matthias Roeingh edo DJ Dr. Motte] azaroaren 9an deitu zidan, zotinka: “Harresia zabalik dago”. Guztiok zoratu egin ginen.
Gudrun Gut: Egun batetik bestera, Berlin kontrolik gabeko hiri bat zen.
Steve Morell: Oranienstrassera joan ginen, Kreuzbergen. Ezerk ez zuen funtzionatzen. Ekialdeko auto mordoa zegoen, jendetzak kaleak buxatzen, eta horrela izan zen zetozen egunotan. Jendea guztia mozkortzen eta burua galtzen aritu zen. Inork ez zekien zer etorriko zen. Azken finean, errusiarren tankeak oraindik Berlin kanpoaldean zeuden.
Dimitri Hegemann: Mendebaldeko Berlinen, kaleetan eta borrokan aritzen zen eta betidanik Iraultza Kulturalaren alde zerbait egin nahi zuen jendeak bapateak aukera bat zuen. Garaia zen.
Ben De Biel: [Argazkilaria, Maria diskotekaren jabe ohia eta Berlingo Alderdi Pirataren bozeramaile izandakoa]: Ekialdeko Freygang, Die Firma, Ichfunktion eta Feeling B musika taldeen inguruan zebilen jendeak Harresia erori eta berehala jardun zion. Eraikin bat hutsik zegoela jakin, eta hartu egiten zuten. Lehenbiziko ‘zelula’ Wydoks izan zen 1990eko urtarrilan okupatua izan zen Alte Schönhauser Straße 5ean. Ondoren Eimer etorri zen Rosenthaler Straße 68an; eraitsi egin behar zenez, ez zegoen erregistroan. Horregatik, bazekiten denbora batez behintzat bakea eta lasaitasuna izango zutela. Eta hau guztia Berlin-Mitten gertatu zen, hiriaren erdialdean bertan.
Katrin Massmann: Errepublika Demokratikoaren garaian, Mitte ez zen bizitzeko toki maitatua. Gobernuaren eraikinak bertan zeuden. Aldi berean, Harresiaren alboan geratzen ziren Mitteko zatiak gotortuta zeuden. Oranienburger Strasse hondakinez, orubez eta erortzen ari ziren eraikinez josita zegoen, monokromoa zen, grisa. Paper-denda bat zegoen, fruta eta barazkiak erosteko denda bat, eta saltoki bat, supermerkatua eta postetxea zituena. Eta kalearen bukaeran, liburutegi kristau bat eta erloju-denda bat zeuden.
Ludwig Eben [artista eta Tacheles gune okupako Café Zapatan tabernari izana, egun Humboldthain klubean ari da]: Etxeak txikituta zeuden, igeltsua erortzen ari zitzaien, fatxadek Bigarren Mundu Gerrako balen zuloak zeuzkaten oraindik. Airea lodia zen. Kaleetan Ekialdeko Trabant auto zaharrek eta industria guneetako ikatz labeek eta tximiniek eragindako ke lainoak kateatuta geratzen ziren.
Ben De Biel: Gauean, kale-argi gutxi batzuk zeuden piztuta. Hiria kolore laranjako argi lauso batek blaitzen zuen. Kale askotan ez zegoen inongo argirik. Ia autorik ere ez. Hiriaren bihotzean ia ez zegoen jenderik gauean kalean. Guztiz beldurgarria zen, Tarkovskyren ‘Zelataria’-n bezala. Mitte hildako hiri bat zen.
Ludwig Eben: Bete gabeko etxe mordoa zegoen. Baina eraikinak ere egoera tamalgarrian zeuden. Eraikin askoren kasuan, ezin zenuen jakin edozein momentutan amilduko ote ziren.
Jutta Weitz [90. hamarkadan Ekialdeko okupei eta artistei lagundu izan zien WBM eraikinen kudeaketa zerbitzuaren sortzaileetakoa]: Eraikin batzuk berritzekoak ziren, beste batzuk eraistekoak. Azken hauen artean zegoen Oranienburger Strasseko saltokia, non Tacheles gune okupa ezarri zen.
Stefan Schilling [artista eta Tachelesen bizitakoa, guneari buruzko liburua idatzia du]: Eimer okupatutakoan poliziak ezer egin ez zuela ikusita, beste espazio bat geureganatzeko ordua zen. Data bat ezarri genuen: otsailaren 13a eguerdiko ordubatean. Freygang musika taldeko mutilek suhiltzaile kamioi zahar bat zeukaten. Saltoki erraldoiaren hondakinetara hurbildu eta eraikinean sirena piztuta sartu ziren.
Katrin Massmann: Hara joan nintzen, eta afixak zeuden zintzilik, eraikina okupatua izan zela iragartzeko. Tacheles sortu zen orduan. Izena egokia zen, ‘Tacheles’ hitz hebrear bat delako, ‘hizketaldi zuzena’ esanahia duena.
Ben De Biel: Tacheles eraikina monumentu arkitektonikoa zen, Berlinen sekula altzairuzko egitura izandako lehen etxea. Eraikinari behar zena baino askoz altzairu gehiago ipini zioten, garai hartan orain ez zelako jakina altzairua zein material gogorra den. Okupatu zutenek garbi ikusi zuten: eraikin erdia okupatu baino lehenago eraitsi bazuten ere, beste erdiak nahi adina iraungo zuen.

Ben De Biel: “Kale askotan ez zegoen argirik. Ia autorik ere ez. Hiriaren bihotzean ia ez zegoen jenderik gauean kalean. Beldurgarria zen. Mitte hildako hiri bat zen”.

Stefan Schilling: Okupatzaile batzuk bazuten eskarmentua Mendebaldeko Berlineko okupa mugimendutik. Bazekiten etxe okupa bati eutsi egin behar zaiola; ezin duzu gauean etxera joan. Lehenbiziko astean bi bikote geratu ziren bertan. Negu hotza zen, eta ez zegoen berogailurik.
Ludwig Eben: Gogoan dut taberna batera joan ginela. Korridore baten albotik sar zintezkeen, edo leiho bat eskalatuta. Sofa batzuk zeuden, eta tranpol bihurtutako ate batetik sartuta erosten zenuen garagardoa. Porro handi bat zebilen eskuz-esku, eta Tachelesi buruzko zerbait entzun genuen. Hara joan ginen, beraz. Martxoa zen. Eta Tachelesen elkarte bat sortu eta eraikina okupatuta zegoela iragarri zuen talde txiki bat zegoen. Baina jende hori ez zen nahikoa. Eta taldera batu ginen.
Dimitri Hegemann: Mendebaldeko Berlinen, eraikina hustu egingo lukete segituan. Baina horrelako ekintza amateurrak posible ziren Ekialdean, noraezean zeuden orduko agintariak ez zirelako gai Harresia erori ondoren ezertxo ere egiteko.

Eimer gune okupa, 2003an eraitsi baino aste batzuk lehenago. Easyhotel hotela dago egun kantoi horretan, Rosenthaler Platz alboan. Bekaem (CC BY).
Eimer gune okupa, 2003an eraitsi baino aste batzuk lehenago. Easyhotel hotela dago egun pare horretan, Rosenthaler Platz alboan. Bekaem (CC BY).
Ludwig Eben: Tacheles eraisteko zorian zeuden. Egunez, eraikuntza langileek zuloak egiten zituzten lehergaientzat, eta habeak eta harea sartzen zituzten eraikuntza modu simetriko eta txukunean eroriko zela ziurtatzeko. Gero guk gauean langileek egunez egindakoa puskatzen genuen. Egia esan, bi orduz bakarrik egiten zuten lan goizez, gero mozkortu eta etxera joaten zirelako. Gure ordutegi ezberdinak zirela medio, ez genituen ia sekula topatu.
Ben De Biel: 1990eko lehenengo zatian Alemaniako Errepublika Demokratikoarentzat bide alternatibo ba ote zegoen eztabaidatzen zen. Baikortasun joera bat zegoen.
Katrin Massmann: Jende asko konbentzituta zegoen tarteko espazio bat egon behar zuela, bi sistemak elkartu ahal izateko puntu bat.
Alec Empire: Jendeak espero zuen erregimenaren kolapsoaren emaitza ez zela izango Mendebaldearen menderatze bat. Jendeak zerbait hobea sortu nahi zuen, bi sistemetatik bat bera ez zelako perfektua.
Jutta Weitz: Ongi gogoratzen ditut garai hartako itxaropenak, eta sistema hobeago bat nola sortu eztabaidatzen pasatako gau guztiak. Baina gauzak beste nonbait ari ziren erabakitzen.

Alec Empire: “Jendeak espero zuen erregimenaren kolapsoaren emaitza ez zela izango Mendebaldearen menderatze bat. Jendeak zerbait hobea sortu nahi zuen, bi sistemetatik bat bera ez zelako perfektua”.

Ben De Biel: Azkar antzeman zen Helmut Kohl kantzilerra “zatozte aitarengana” esanez agertu zenean, herrialdearen bateratzea eta moneta bakarraren bidea hartuta. Alemaniako Errepublika Demokratikoko lehenengo eta azkeneko hauteskundeetan, zeinetan Ekialdeko CDUk irabazi zuen, hiru hilabetez eztabaida nagusia izan zen nola lortu ezarritako buruko lau mila ekialdeko marko kopurua eta 1:1 trukaketa tasatik bakoitzak ahal zen kapital gehien lortzea, eta familiako zenbat kiderentzat irekitzea zegoen kontuak bankuan.
Alec Empire: Alemania Ekialdeko eskubide zibilen aktibistak, aste batzuk lehenagoko gertakariak eragin zituztenak, desagertu egin ziren bat-batean. Alemania bateratuaren patriotismoa aldarrikatzen ari ziren komunikabideak, eta banderako beltz, gorri eta urre koloreak edonon hegal zebiltzan. Gauzak okerrago egiteko, Alemaniak 1990eko Munduko Kopa irabazi zuen Italian, eta Franz Beckenbauerrek aldarrikatu zuen Alemania menderaezina zela. 1992ko eskuin muturraren Hoyerswerda eta Rostock-Lichtenhageneko errefuxiatuen aterpetxeen aurkako erasoak Helmut Kohlen alderdiarekin lotura zuzena izan zuten.
Ludwig Eben: 1990ko maiatzean neonaziek Tacheles erasotu zuten. 120 bat lagun eraikinera sartu ziren. Gutako bati, Tombori, aurpegira Molotov koktel bat bota zioten. Jendetza bat sartu zitzaigun ate guztietatik, hiltzeko prest, itsumustuan. Guk lortu genuen Tachelesi eustea, baina Tombok urte erdia igaro zuen ospitalean.
Katrin Massmann: Gertakari horrek elkartasun olatu bat eragin zuen. Eraisteak aldi batez geratu zuten, eta ez zuen aurrera egin eraikina monumentu historiko izendatu ondoren.
Ben De Biel: 1990 uztailak 1ean, Ekialdeko markoa ordezkatu zuen Mendebaldeko markoak. Ekialdeko alemaniar erdiak oporretara joan ziren, eta beste erdiek bigarren eskuko autoa erosi zuten. Bi astetan, Ekialdeko Berlin zabor tontorrez josita zegoen. Gehiago gidatu ezin zirenean, jendeak autoak bertan lagatzen zituen.
Sebastian Drude [Hannoverreko hizkuntzalaria, Ekialdeko Berlineko hainbat etxe okupatutan 1990etik aurrera bizi izen zen]: Urtearen erdialdera edo, Mendebaldeko hiritarren okupazioak hazten joan ziren. Mendebaldeko Berlineko Interim aldizkari anarkistak astero hutsik zeuden eraikinen zerrendak argitaratzen zituen.
Gudrun Gut: Jende gaztea Mendebaldetik Ekialdera mugitzen hasi zen. Zer moduz ote zihoakizun probatu zenezakeen. Bakoitzak nahi zuena egin zezakeen. Hori zen irudipena. Egunero zerbait berria eta inprobisatua sortzen zen.
Ben De Biel: Gauean eraikin jakin batzuen parean esertzen ginen. Hiru gauez jarraian apartamentu batean argirik ez bazegoen, barrura sartzen ginen, begirada bat bota, eta hartzen genion trazaren arabera, sarraila berria ipintzen genuen atean. Friseur kluba izango zenaren gaineko apartamentuan funtzionatzen zuten bi telefono topatu genituen, nazioarteko deiak egiteko aukera ematen zutenak. Bulegoren bat izango zen lehenago. Amerikara dei zenezakeen doan. Sarraila ipini genion apartamentu honi, eta giltza pasatzen genien italiar, espainiar edo amerikarrei. Atzerrira deitu nahi zuen orok han egin zezakeen.
Gregor Marvel [artista eta moda diseinatzailea, egun Friendly Society denda darama Christian Heinrich kidearekin]: 90. hamarkada erdialdean ez zegoen oraindik ia telefonorik Ekialdeko Berlinen. Nik, beste askok bezala, koaderno bat nuen zintzilik etxeko atean, boligrafo batekin. Etxera etorri eta “Hemen egon naiz, datorren astean berriz saiatuko naiz” bezalako mezuak idatzita zeuden bertan. Eta gero astebete pasatzen zen. Edo gauez betiko tokietan topatzen ginen.
Ben De Biel: Hasieran, Tacheles bakarrik zegoen, hor elkartzen zen jende guztia irteten zenean. Edateko eta eztabaidatzeko, esan nahi da, ez diskotekarako!
Katrin Massmann: Ni bezala Ekialdetik zetorren jendearentzat harrigarria zen bat-batean espazio publiko batean elkartu eta hor zerbait egitea. Eimer eta Tachelesen artean zegoen zonalde guztia azkar garatu zen 1990ean. Etxe okupatuak zeuden Linienstrassen edo Hackescher Markten. Oranienburger Strasseren bukaeran ere beste etxe okupa bat zegoen, Aktionsgalerie zabaldu zuten bertan.

Gregor Marvel: “90. hamarkada erdialdea ez zegoen oraindik ia telefonorik Ekialdeko Berlinen. Nik, beste askok bezala, koaderno bat nuen zintzilik etxeko atean, boligrafo batekin”.

Jutta Weitz: Une batean 30 bat etxe okupa egon ziren Mitten. Ekialdeko Berlinen 120tik gora ziren. Gero eraikin asko zeuden apartamentu solte okupatuekin. Benetako mikrokosmos bat garatu zen.
Ben De Biel: Ständige Vertretung (‘Misio ofiziala’), Tachelesen, Berlingo lehenbiziko techno klubetakoa izan zen. Ate bat zegoen sotora, non hondakinak eta hautsa besterik ez zeuden.
Ludwig Eben: Tim Richter eta Nick Kapicak asteak eman zituzten bertatik hondakinak ateratzen, eta diskoteka bat jarri zuten abian, aparta zen. ‘Ständige Vertretung’, Mendebaldeko Alemaniak Ekialdeko Berlinen zuen enbaxadaren errotulua lapurtu zuten, eta alanbre mordoarekin lotu, inork lapurtu ez zezan. Munduko DJ onenak gonbidatzen zituzten Ständige Vertretungen musika jartzeko, eta bat-batean 60 metroko ilara bat zegoen atean.
Stefan Schilling: Ständige Vertretung errebelazio bat izan zen. Orduak eman zenitzakeen edonorekin dantzan, zergatiarekin edo zergatirik gabe. Halako hitz egin gabeko adostasun bat zegoen, eta musika berri hori ere bazegoen, Ed2000 edo Dr. Motte bezalakoekin. Gauza ez zen diskoteka bat mozkinak pilatzeko egitea, emozio hura eta momentu bakoitza ospatzea baizik.
Gudrun Gut: Su handi bat zegoen beti sotoaren erdialdean. Laser izpi mehar batek kea mozten zuen.
Reimund Spitzer [testu literarioak argitaratzen dituen filosofoa, Berlingo Golden Gate techno kluba kudeatzen du]: Gasaren aurkako maskara zeraman jendea zegoen. Beste batzuk speed botilak eramaten zituzten, eta dantzalekuan guztien aurrean hartu. Botilatik, eskura. Eta barrura.
Ben De Biel: Oso modu ausartean jantzitako jendea zegoen, bueltaka. Larruak saltzen zituenak denda itxi behar eta guztia merke saltzen zuen, eta guztiak larruzko piezak janzten zituzten orduan. Apur bat Neanderthala zen.
Dimitri Hegemann: Deigarria da Berlin Ekialdeko eta Mendebaldeko gazteak azkar ipini zituela ados technoak. Horixe zen denean artean zutena.
Alec Empire: Lehen aldiz Detroiteko technoa entzun genuenean, bagenekien: hau da. Soinu honek deskribatzen du zer sentitzen dugun. Oinarrian, gure hizkuntza propioaren bila ari ginen.
Ben De Biel: Alemanian DJ ezagunak zeuden, Clé, Dixon, Tanith, Kid Paul edo Dr. Motte esaterako. Hori zen technoa hemen, hasieran. Musikak aldarte berri bat ekarri zuen. Irekienak eta atseginenak zirenak zeuden han, eta beraiek hartzen zituzten drogarik gozoenak. Speeda eta estasia merkeak ziren, Ekialdekoek eta Mendebaldekoek, biek eros zitzaketen. Estasia hartuta, sekula ez zegoen borrokarik. Ezta speedarekin ere. Sekula ez zegoen iskanbilarik klubean.
Danielle De Picciotto: Klub oso bat estasia hartuta dagoenean, aldartea, atmosfera eta portaera aldatu egiten dira. Kontaktuari beldur gutxiago dago. Jendeak mimoak nahi ditu, elkarrekin eseri eta besarkatu. Komunitate sen bat egoten zen.
Reimund Spitzer: Hippien ametsa egia bilakatu zen Ekialdeko Berlinen. Espazio bat okupatu, bozgorailu batzuk ipini eta jendea azaltzen zen. Txikitik, mundu berri bat sortzen zen, izan behar lukeen bezala. Jende guztiak zuen baimena sortzaile izateko, ideiak edukitzeko, dantzatzeko, giro baretu eta adiskidetsuan. Espazio okupatuetan, gure arauek bakarrik balio zuten: guztiok ginen berdinak, guztiok merezi genuen errespetua. Guztiok maite genituen guztiak, guztiok geundelako festa berdinean. Honek politika birdefinitzen zuen, kooperazioan oinarritzen zelako eta ez talkan.
Dimitri Hegemann: Bat-batean hippie mugimendua itzuli zen. Behintzat, hori zen guk irudikatu nahi genuena. Jendea besarkatu egiten zen goizaldean; agur esateko modua aldatu zen.
Reimund Spitzer: Punkaren ezkortasunaren amaiera izan zen hori. Edonor etor zitekeen, bere itxurak ez zion axola, irribarre batekin agurtuko zuten.

Danielle De Picciotto: “Klub oso bat estasia hartuta dagoenean, aldartea, atmosfera eta portaera aldatu egiten dira. Kontaktuari beldur gutxiago dago. Jendeak mimoak nahi ditu, elkarrekin eseri eta besarkatu”.

Alec Empire: Jarrera hori technoaren lehenbiziko egunetatik zetorren. Harresia erori baino lehenago izan zen, Mendebaldeko Berlingo dozenaka lagun batzuk UFO edo Turbinen biltzen hasi, eta musika hori etorkizuna zela aurreikusi zutenean. Hau ez zegoen oinarrituta 20. mendean ezagututako ezertan. Ezin zen inongo kategoriatan sailkatu.
Gudrun Gut: Bere burua luzitu nahi duen izar bat agertokian ez ipintzearen ideia 90. hamarkadakoa da. Guztia uztartzen zen: DJa, audientzia eta musika. Guztia zen gauza bera. Momentua zen axola zuena.
Alec Empire: Harresia erori ondoren lehenengo raveak hasi ziren, Ekialdeko Lichtenberg auzoko Technozoid edo Elektrokohle bezalakoak. Hutsik zeuden tokiak kontaezinak ziren, jendeak edozein lekutan egiten zuen berea. Horrelako festak ohikoak ziren. Ez ziren klubak, inprobisatutako ekintzak baizik: “Toki hau hutsik dago, ekar dezagun musika ekipoa!”.
Gregor Marvel: Argindarrarentzat hargune bat, tolestatutako mahai bai, bi garagardo kaxa, bi vodka botila, plastikozko edalontziak eta beharbada lima apur bat. Diskoentzat bi plater, nahasgailu eta bozgorailuak, foku bat. Eta kea egiteko makina, noski. Ez zegoen beste ezer. Argi gorri bat edo kandela batzuk ikusiz gero, argi zegoen: taberna bat zen. Apartamentu eraikinak behin-behineko tabernak egiteko okupatzen ziren.
Ben De Biel: Altzariak lurrean topatzea zegoen. Alemaniako Errepublika Demokratikoa gogorarazten zuen oro kalean uzten zuen jendeak zaborra balitz bezala. Eta gauza asko bikainak ziren. Edozer hartu eta joan zintezkeen. Noski, hori klubentzat aparta zen.
Danielle De Picciotto: Gogoan dut guztiok arrosa bat eraman behar genuen festa bat. Lur guztia arrosaz beterik zegoen bukaeran. Beste behin festa bat egin genuen soto batean “zuria eta beltza” lelopean. Denak zuriz edo beltzez etorri ziren. Guztia aho-belarriz gertatzen zen.
Gudrun Gut: Gonbidapen sekretu bat jasotzen zenuen, eta Ekialdean zenez, joan egiten zinen.
Reimund Spitzer: Agintariek ez zuten ezer egin hasieran, baina konturatu ez zirelako. Ez ziren erabakiak hartzen dituztenak, politikariak eta funtzionarioak izan Mitte eta Berlin guztia hain garrantzitsu bilakatu zutenak, freak, okupa, anarkista eta errefusatutako jendea baizik. Antiberlindarrak, politikariei esatea gustatzen zitzaien bezala.

Dimitri Hegemann: “Bat-batean hippie mugimendua itzuli zen. Behintzat, hori zen guk irudikatu nahi genuena. Jendea besarkatu egiten zen goizaldean; agur esateko modua aldatu zen”.

Ben De Biel: 1990eko uztailaren 24an, Alemaniako Errepublika Demokratikoan marko alemaniarra ezarri eta gutxira, Berlin Ekialdeko epaitegi nagusian “Berlingo Marra” ezarri zuten. Okupazio berririk ez zen onartzen Ekialdean, eta bat emanez gero 24 ordutan husteko agindua zegoen. Lehendik okupatutako eraikinei, ordea, kontratu berriak negoziatzeko aukera ematen zitzaien.
Ludwig Eben: Aldi berean Treuhand funtsaren lana hasi zen, Alemaniako Errepublika Demokratikoko estatuaren jabetzak saltzeko lana bere gain hartu zuena, askotan Mendebaldeko enpresaburu susmagarriei. Jabetza haiek herritarren artean banatzeko eskatzen zuen eskubide zibilen kanpaina ezerezean geratu zen. Bost urtetan, Ekialdeko Alemaniako jabetzen %85 inguru Mendebaldeko Alemaniako inbestitzaileen eskuetan zegoen. Beste hamar, nazioarteko inbestitzaileen eskuetan. Tacheles pieza bat bakarrik zen banaketa prozesu erraldoi honetan.
Jutta Weitz: Denboraren aurkako lasterketa bilakatu zen. ‘Itzultzea ordaintzea baino’ printzipioa ezarri zen bateratzearen itunean. Horrek esan nahi zuen ahal zen guztia berezko jabeei itzuli behar zitzaiela Alemania batutakoan. Jabeei diruz ordainduz gero, gauzak mantsoago garatzeko parada egongo litzateke.
Sebastian Drude: 1990eko urriaren 2aren gauean, gutako batzuk auzoko kaleen seinaleak spray beltzarekin estali genituen. Bi Alemaniak urriaren 3an batzen ziren, eta polizia azaldu eta jendea kanporatzen hasiko zen. Haiek nahasteko egin genuen.
Ben De Biel: Azaroaren 12an, Friedrichshain auzoko Pfarrstrasse eta Cotheniusstrasse auzoetako okupazioak ordu gutxitan hustu zituen poliziak. Alboko Mainzer Strasseko etxe okupetakoek manifestazioa egin eta haien babesa azaldu zuten. Mainzer Strasse apirilean okupatu bazen ere, ‘Berlingo Marra’ indarrean ipini baino lehen, okupek ondorioztatu zuten Mainzer Strasse ere laster hustuko zutela, eta prestatzeari ekin zioten. Lehenengo Molotov koktelak manifestazio batean bota ziren, eta Frankfurter Alleen barrikada bat eraiki zen. Norbaitek hondeatzaile bat lapurtu zuen, eta lubakiak zabaldu.
Steve Morell: Mendebaldeko Berlingo eta Mendebaldeko Alemaniako jende asko bizi zen Mainzer Strassen, baina baita Ekialdeko alemaniarrak, frantsesak, espainiarrak, ingelesak. Nahasketa alaia zen.
Ben De Biel: Kale erdia zegoen okupatuta, 13 etxe guztira. Amentzat eta lesbianentzat etxe bat zegoen eta gayak bakarrik bizi ziren beste bat. Okupa gehienak Kreuzbergeko giro politikotik zetozen. Horrek esan nahi zuen Mendebaldeko militantzia politikoa Ekialdera zetorrela. Mainzer Strassen oso argi zeukaten: polizia da etsaia. Eta haien burua armaz hornitu zuten.
Steve Morell: Sortu berriak ziren elkarbizitza modu berriak mehatxupean zeuden bat-batean. Gainera, elkarrizketarako gogo gutxi zuten jabeak azaldu ziren. Giroa asko gaiztotu zen, erradikalagoa bilakatu zen.
Sebastian Drude: Okupek gero eta argiago zuten Mainzer Strasse hustu egingo zutela. Okupazio hauek pikorta bat ziren hiriarentzat. Berlin Ekialdeko okupa mugimendua burugabetu nahi zuten. Hustea baino bi edo hiru egun lehenago, Hanburgo, Hannover eta Munichetik polizia konboiak ailegatzen hasi ziren autobidean barrena. Aitzakia bi egun lehenago eduki zuten, etxeen leihoak urezko kanoiekin erasotu zituztenean. Okupek harriekin erantzun zuten.

Friedrichshain auzoko Mainzer Strasse, bere etxe okupatu guztiekin, 1990eko udan. Renate Hildebrandt (CC BY).
Friedrichshain auzoko Mainzer Strasse, bere etxe okupatu guztiekin, 1990eko udan. Renate Hildebrandt (CC BY).
Ben De Biel: Polizia iritsi baino lehen, jendea Mainzer Strasseko teilatuetara igo zen. Fatxadetako heldulekuak puskatu zituzten eta kalea harriz bete zuten.
Steve Morell: Teilatuetan alanbrea ipini zen. Garai hartan doan lortu zitekeen. Utzitako Ekialdeko armadaren barraketara joan, eta mordoa zegoen. Barraka haietako batean lur-berdingailu bat eta argindar sorgailu bat topatu, eta hartu egin zituzten. Azaroak 14ko hustean, poliziak metalezko plakak buru gainean eutsita ibili behar izan zuen, teilatutik okupak brea beroa botatzen zietelako. Argindar sorgailuarekin tranpa elektrikoak ere egin zituzten.
Ben De Biel: Poliziaren gerra ondorengo indar erakustaldirik handiena izan zen: 3.000 agente 500 okupen aurka.
Steve Morell: Nik kanpotik ikusi nuen. Helikopteroak zeuden, eta poliziak sokak erabilita jaisten ziren etxeetara. Apartamentuetara sartutakoan, leihotik botatzen zuten guztia. Poliziaren operazioa oso bortitza izan zen. Aurpegian edo buruan jotzen zuten, ez zitzaien axola. Poliziarentzat, okupak zaborra ziren. Gerra zibil baten irudiak ziruditen.
Ben De Biel: Mitten, giroa ezberdina zen. Udan Monbijou parkean dagoen umeen igerilekura gauez sartu, kandelak piztu eta uretan jolasean aritu ginen. Polizia bat etorri eta “Zertan ari zarete” galdetu, eta “Igerian ari gara” erantzun genion. “Galarazita dago!” berak. Azkenean, geratzen utzi gintuen, bukaeran guztia garbitzen bagenuen. Jarrera politizatuagoa zuen norbaitek aukera baliatuko luke polizia iraintzeko. Eta egoera txartuko zen horrela noski.
Reimund Spitzer: Horrelako pasarteak ongi amaitu ziren agintariak gaindituta zeudelako, eta protesta serioak ez ziren guztia albo batera utzi beharra zutelako.
Jutta Weitz: Eraikinak aurreko jabeei itzultzea uste baino mantsoago gertatu zenez, Ekialdeko egunetatik Mitteko eraikin gehienak kudeatzen zituen WBMri [eraikinen kudeaketa zerbitzu publikoa] maniobratzeko tarte bat zabaldu zitzaion. Kasu bakoitzean jabetzak ezartzeko bulego berri batetik pasa behar zuten. Etxe eta eraikin batzuetan ustezko hamar jabe azaltzen ziren, denak berea zela esanez. Etxez-etxe joan beharra zegoen, erregistroak eta oinordetzak aztertu. Nik aukera baliatu nuen etxe okupatuetara joateko eta nire burua WBMko langile bezala aurkezteko. Gero jabeekin hitz egiten nuen. Ez nuen nahi egoerak okerrera egin eta eraikinak hustu beharra egotea. Legez aukerarik zegoen etxe guztietan, alokairuak sinatu ziren. Eta WBMren lokalen bat libre zegoela jakiten banuen, berogailu eta argindar kostuen truke hartzeko moduan zegoen espazio bat zegoela zabaltzen nuen talde ezberdinetan.
Dimitri Hegemann: “Behin-behineko erabilera” kontzeptuaren sorrera eta hark ekarri zituen akordioak oso garrantzitsuak izan ziren Berlinen garapenean. Honek ahalbidetu zuen espazioak modu legalean ideia berriak frogatzeko erabiltzea, denbora jakin batez, jabeen eskuetara itzultzen ziren arte.
Alec Empire: Legezkoak ala ez, txoko berriak etengabe sortzen ziren hiri azpian. Berlinek oso soto heze mota zehatza du, herdoildutako hoditeria eta suntsitutako argindar kableekin. Argia inprobisatuz lortzen zen haietan. Beherantz ez erortzeko, obretako foku bat ipintzen zen eskaileran. 1991ko martxoa zen, eta Tresorrek orduan oso tipikoa zen diskoteka zabaldu zuen, ez bazen garai bateko Leipziger Strasseko Wertheim saltokiaren kutxa gotorra ere bertan zegoelako. Gordailuentzat zeuden kutxa guzti haiek eta altzairuzko ateak bonus bat ziren.
Dimitri Hegemann: Berliner Tagesspiegel egunkariak idatzi zuen kutxa gotor erraldoi hura aterpetxe perfektua zela, Feng Shuiaren ikuspegitik.
Gudrun Gut: Iluna eta hezea zen, soto usaina zuen, baina ia argirik gabe eta zarata basatiarekin, eta oso musika minimala. Ez zen dibertigarria. Jeff Mills ez zen ekitaldi dibertigarri bat. Gogorra zen.
Steve Morell: Ez dakit ke makinarentzat zenbat litro likido erabiltzen ziren gauero kutxa gotor hartan. Batzuetan eskua begien parean ipini eta ez zen ikusten.
Dimitri Hegemann: Gogoan dut goiz bat, hiriaren erdialdean zegoen toki ezin patxadatsuagoa zen Tresorreko atarian. Gu izan ginen hara iristen lehenak. Finantza ministerioa kaleko beste aldean ipini zuten. Langile batzuk gurekin dantzan aritzen ziren lanera sartu baino lehen. Goizean beti genuen gauez zerbait egin genuenaren sentsazioa. Nik ez nuen dantzarik egin edo drogarik hartu, baina hamar edo hamabi ordu horietan zerbaitetan aritu nintzen, elkarrizketa horietan gauza berriak bururatzen zitzaizkigulako. %50 txorakeriak ziren noski, baina beste %50 gero frogatzen saiatzen ginen ongi egituratutako kontuak ziren. Ingurumen bereko jendea topatzen zenuen. Zetozen urteetan Berlin aldatu zuten kontuez eztabaidatu zen. Behingoz espazio bat zegoen ez ezberdin pentsatzeko bakarrik, gauzei forma emateko baizik. Ausartak ginen eta ez genuen galdeketetan denbora asko galtzen, bizkor eraikitzen genituen gauzak: klubak eta artearentzat guneak, musikaren egituren garapena, Love Paradea.

Tresor diskoteka, Potsdamer Platz alboan. 2005ean itxi, eta oinerdekoa Kreuzbergen zabaldu zuten. Hans Veneman (CC BY).
Tresor diskoteka, Potsdamer Platz alboan. 2005ean itxi, eta oinerdekoa Kreuzbergen zabaldu zuten. Hans Veneman (CC BY).
Danielle De Picciotto: Gustatzen zitzaiguna eta sinesten genuen hori guztien aurrean egin nahi genuen, eta ez beti sotoetan. Hori zen hasieran Love Paradearen atzean zegoen ideia. Mendebaldeko Berlinen 80. hamarkadan tipikoa zen heroinak elikatutako existentzialismotik eta melankoliatik ihes egiteko mugimendua zen. Bizitzeko alaitasunari buruzko festa zen.
Dimitri Hegemann: Housea eta technoa iritsi zirenean, segituan sortu zen komunitate bat. Harresia erori izanaren inguruko euforiak lagundu zuen, baina arrazoi nagusia musika bera izan zen. Freskoa zen. “X-101”, gure lehenbiziko diskoa Tresor Recordsen, 1991ko udan azaldu zen. 3phase eta Dr. Motteren “Klang Der Familie” 1992an. Tituluak deskribatzen du garaiko giroa: “Familiaren soinua”. Guztiok maite genuen elkar. Harreman ona genuen. Atmosfera benetan zen bikaina.
Ben De Biel: Segituan etxeak jabeen eskuetara itzultzen hasi ziren. Puntu batean argi geratzen zen norena zen etxe bakoitza, eta une horretan saldu egiten zen edo segituan salgai ipini behintzat. Eraikin merke bila zebiltzan inbestitzaileak erakarri zituen horrek, eta ia musu truk erosi zituzten. Kale osoak.

Danielle De Picciotto: “Love Paradea Mendebaldeko Berlinen 80. hamarkadan tipikoa zen heroinak elikatutako existentzialismotik eta melankoliatik ihes egiteko mugimendua zen”.

Jutta Weitz: Merke erosi, berritu eta berriz saldu bilakatu zen prozesua. Merkaturatzearen modua aldatu zuen horrek. Erosketa eta berrikuntzak zerga aitorpenean desgrabatzea posible zen, hamar urtez %100 arte. Neurri berezia zen. Eredu ekonomiko berriei atea ireki zien.
Ben De Biel: Mitten gauza arraroak hasi ziren gertatzen. Dorothee Dubrauk, eraikuntza zinegotziak, etxe baten aurka istripua izan zuen. Eta etxea eraistea erabaki zuten. Horrela bota zuten Elektro etxe okupa, berez eraisteko planik ez bazegoen ere.
Jutta Weitz: Hondeatzaile batek ‘kasualitatez’ apurtu zuen Neue Schönhauser 10eko albo bat. Hutsik zegoen, bai, baina ez zeukan eraisteko baimenik. Momentu hartatik bai.
Ben De Biel: 1992an sute bat egon zen Tacheles alboko apartamentu eraikinean. 40 edo 50 lagunek bere etxea galdu zuten.
Ludwig Eben: Suhiltzaileek utzi egin zuten bi etxeak erre zitezen. Asaldatu egin ginen, eta suhiltzaileek poliziari deitu zioten. Poliziak nazien txapelak zituztela atera ziren autoetatik. Shock egoeran geratu ginen. Borroka hasteko prest zeuden, Tachelesen zegoen jende guztia kanporatu ahal izateko. Okupak herrialdearen etsaitzat zituzten. Sutea amaitzean, agindua iritsi zen: “Bota ura!” Eraikin guztiak blai geratu ziren. Egitura izorratzen zutela ziurtatu nahi izan zuten, eta horrela guri Oranienburger Strasseko eraikin zaharrenak kendu. Kartoizko estalki bat ipini zieten eraikin haiei, eta euriari ezin zion eutsi. Amaieran, hormetan hatza erabilita zuloak egitea zegoen. Eraisketa beharrezkoa zen, eta horrela norbaitek hotel bat ipini ahal izan zuen han.
Ben De Biel: Bitartean, markoa aldatzerakoan emandako gastu festaren ondoren, Ekialdean argiak itzali ziren. Jendeak bere altzari zaharrak kalean uztearekin, Ekialdeko Alemaniaren ekonomia bertan behera utzi zen. Berandu baino lehen, jende mordoa zegoen langabezian eta dirurik gabe.
Ludwig Eben: Eszena tipikoa. Supermerkatu txiki batean nago, eta nire parean mutil bat pattar botila bat eta txakurrentzat bi janari lata eskuetan. Ez dauka nahikoa diru, eta txakurrentzat janaria itzultzen du. Alkoholiko andana zegoen, total eginda beti, guztiz birrinduta zeuden gorputzekin. Horiek izan ziren Mittetik desagertzen lehenak.
Ben De Biel: Estatuak ordaindutako lanpostuak sortzeko plangintza kontaezinak zeuden. Dirua mordoa sartu zen laguntza sozialetan.
Ludwig Eben: Ekialdeko hiritar ohiak lasaitzeko neurriak izan ziren. Horiz jantzitako langileek beraiek lan egindako fabrika berberak eraitsi zituzten, eta horiek ziren lanpostuak sortzeko plangintzak! Garai hartan, eskua altxatzen zuen edonork lor zezakeen lan bat Tacheles konpontzen eta berreraikitzen. Hileko 1.300 eta 2.000 marko artean jasotzen zituzten. Halere, dirua jasotzen zuen jende hura ez zen sekula handik azaltzen, eta ezin zenuen laguntzerik espero. Haietatik heren bat saiatu ziren benetan egitura bat eratzen laguntzen. Baina lortu genuen. 1992rako tokia indar osoz zebilen: Zapata zegoen, Ständige Vertretung, antzerki produkzioak, kontzertuak eta ikastaroak bi solairuetan. Han lan egiten zuten artistek kudeatzen zuten guztia. Eraikinak ehunka lagun erakartzen zituen egunero. Bat-batean bazebilen guztia! Guretzat urrea edo harribitxiak baino baliotsuagoa izan zen hura.
Reimund Spitzer: Tachelesen norabide gabe ibili zintezkeen. Bidaia baten modukoa zen.

Ludwig Eben: “Alkoholiko andana zegoen, total eginda beti, guztiz birrinduta zeuden gorputzekin. Horiek izan ziren Mittetik desagertzen lehenak”.

Stefan Schilling: Danbor handi bat zuen norbait zegoen, jotzen zuen bakoitzean kea egozten zuena. Efektua ezagutzen ez zutenekin frogatzea gustatzen zitzaion. Edo gela batera sartzen zinen eta jendea algara batean entzuten zenuen. Bere burua filmatzen zuten, eta irudiak iman batekin distortsionatzen ziren alboko gelako telebista batean efektu oso arraroak lortzeko. Guztion egoak apur bat jaisteko modu bat zen. Joseph Beuysen artearen eta eskultura sozialaren definizioa belaunaldi baten agenda bilakatu zen, eta ez bakarrik haren erreferentzia esplizituak zituzten artistentzat. Hartan, mundua guztia zen artista, eta lotura sozial berriak sortzean ipintzen zen arreta.
Reimund Speitzer: Christoph Schlingensiefen ‘Alemaniako Motozerra Sarraskia’ botatzen ari ziren hirugarren solairuko zinema aretoan, ‘Zinema atsegina’ izena zuen hartan. Filmean, Harresia erortzearekin Mendebaldeko harakin familia bat hilketa frenesi batean erortzen zen. Ekialdeko Alemaniatik datozen bisitariak hiltzen zituzten hotel batean sukalde beldurgarrian. Bolumena oso altu zegoen. Garrasiak entzuten ziren. Garrasiak beti entzuten ziren, egia esan.
Katrin Massmann: Tacheleseko auditorioko zirku batean, larruzko mozorro masokistak zeramatzan jendea paseatzen zuten kateekin. R.A.M.M. antzerki taldearen Bestia Pigra zen. Titi oso handiak zituen emakume bat sokekin jaisten zuten goitik, doinu elektronikoekin eta testu oldarkorrekin lagunduta.
Stefan Schilling: Bat-batean, atea zabaldu zuten, eta atzeko gelan talde bat ari zen jotzen. Buruz behera. Elektronautenak ziren, Ben De Bielekin. Bazirudien sabaian zeudela zutik.
Alec Empire: Ordena berriz ezarri nahi zutenentzat, dagoeneko salbuespen egoera zen. Guretzat, zero grabitatea zen.

2 Iruzkin

  1. Zoragarria informazioa! Hemendik 2 urtera bizitzera Berlinera joatekoak gara alaba ttipiak Mauerpark edo VOIDeko soinuak jaso ditzan eta oso baliagarri egin zaigu zure idazkia informazio zuzenagoa jasotzeko. Zer plazerra Berlin hura irudikatzea, egun Rigaerren barrena inguru bat eginez gero irudika daitekeena baina ez guztiz sentitu… biba zu!! Ta biba Alec Empire!!! =)

Bidali iruzkina