Futbol klub normal bat

“Klub bat baino askoz gehiago”. “Bereziak gara, ez dugu hor zehar dabiltzan beste talde guztien antzik”. Futbolean eta bizitzan inork ez du hurkoa bezalakoa izan nahi. Beti handiago, txikiago, zaharrago, lokalago. Union Berlin auzoko talde bat baino ez da, beste milaka dauden moduan.


Köpenicken eman zuen bere kolpea antisistema guztien aitak. Berlinen ekialdera dagoen hiria da, pasa den mendean alboko metropoliak irentsi ahala auzo bilakatutakoa. Paraje atsegina da oso: bertatik bertara dagoen Müggelsee lakura datorren Spree eta hegoaldeko Dahme ibaiak batzen dira erdialdean, eta halako lehorreko itsas portu izaera ematen diote Köpenicki. Errepublika Demokratikoko industriagune nagusietakoa izan zen, alboko Oberschöneweiderekin batera. Azken honetan eratu zen gero Union Berlin izango zenaren aurrekaria 1906an. Eta ordutik dator taldearen lelo nagusia: “Eisern Union!” (Burdinazko Union!).

Industria-auzo bateko topalekua da Union, futbola zutik, bi eskuetan garagardo eta saltxitxa banarekin kantari ikustea besterik eskatzen ez duten langileen kluba. Egungo izena eta armarria 1966koak ditu. Orain dela gutxi arte, ez da eliteko futbolera gehiegi hurbildu. Azken urteetan, ordea, hazi egin da Union. Modu nahiko naturalean izan bada ere, auzoko zale tradizionalak hazkundearekin apur bat asaldatzera iritsi dira. Futbolaren milioiak eta ustelkeria, jokalarien auto garestiak eta “bertakoen benetako esperientziak” bizi nahi dituzten -ditugun- Berlinen bizi diren giriak iritsi dira denbora gutxian Köpenickera.

Etxe ederra du Unionek: Stadion An der Alten Försterei, basozain zaharraren alboko estadioa. S-Bahnetik iristeko modurik azkarrena landa-bide bat igarotzea da. Zuhaitzen ilunantzean hurbildu ahala zaleen abestien bolumena haziz doa pixkanaka. Ateetan milaka unionerrek azken garagardo merkeak husten dituzte sartu baino lehen. Alemanian kirol ikuskizunetan alkohola edaterik badago; prezioa kanpokoa baino altuxeagoa da ordea (lau bat euro litro erdiko basoa). Alte Förstereiera sarri doanak badaki goiz bertaratzea komeni dela. 22.000 ikusletik 18.400k zutik ikusten dute futbola (hau ere posible da, zorionez, oraindik Alemanian). Gutxienez ordu erdi lehenago harmailan tokia egin, edo azken ilararen atzealdean, dozenaka sorbalda artean buruan sartu nahian partida ikustea tokatuko da.

Toki aproposik gabe geratzea ez da inongo drama. Izan abuztuko eguzki-galdatan edo otsaileko arratsalde laiotz eta izoztuan, izan Jahn Regensburgen edo Erzgebirge Aueren aurka ligan edo handiki baten kontra kopan, lepo betetzen da Alte Försterei. Lagunekin auzoko tabernan biltzea bezalakoa da futbolean hiru ordu ematea. Jokalariak gora eta behera ari dira, bai, baina jana, edana eta kantua -batez ere kantua-, dira hamazortzi mila lagun zutik mantentzen dituztenak. Eztarriak Nina Hagenen ereserkiarekin hasten dira lanean (goiko bideoan), jokalariak zelaira egindakoan. Partida amaitu eta hogei bat minutu pasatzen dira isiltzerako. Alemanian, jokalariek estadioari buelta osoa eman behar diote behin lanak bukatutakoan, zaleen arnasa eskertzeko. 5-0 irabazi ala 0-4 galtzeak ez du axola, horrek ez dio abestien bolumenari eragingo.

Zaleek musu-truk eraberritutako estadioa

2009 arte, Alte Förstereiek -Alemania iparraldeko negu ezin hotzagoekin ere- ez zuen estalkirik. Taldea Ekialdeko Alemaniako Ligan aritzen zenetik ukitu gabe zegoen eraikina; pitzaduraz jositako porlanezko eskailera sorta bat baino ez zen. Harresia jausi ondoren urte zailak igaro zituen Unionek, baina behin mendea aldatuta argi samar zegoen Berlin ekialdeko klub nagusia izateko moduan zela (egun hiriko talde ahaltsuena dena, Hertha, oso da mendebaldekoa). Stasi-rena izandako Dynamo lur jota zegoen, eta VfB Pankow edo Lichtenberg 47 hazteko bokaziorik gabeko elkarte txikiak ziren. Alte Förstereien eman den festa handiena 2005eko abuztuaren 21ekoa izan zen: 8-0 irabazi zion Unionek Dynamori. Aspaldiko zor politikoak kobratu zituen Unionek: Dynamo Ekialdeko Alemaniako gobernuak babesten zuen, eta tokian tokiko jokalari onenak berriketa gutxirekin lapurtzen zituen, Europan lehiatu ahal izateko. Harresia erori zenetik, gainera, talde neonaziekin lotu izan da Dynamoren zalegoa. Elkarrenganako ezinikusia da biena.

2001. urtean, Kopako finala jokatzera iritsi zen Union, Schalke 04ren aurka. Klubaren historiako lorpen nagusia da (Ekialdeko Oberliga ez zuen sekula irabazi), eta UEFAn aritzeko parada ere eman zion. Bigarrengo kanporaketan kaleratu zuen Bulgariako Litexek. 2005ean, eskualdeko ligara jausi zen Union, eta ekonomikoki porrot egiteko zorian izan zen. Egoera arintzeko, milioi eta erdi euro bildu zuten zaleek ‘Bluten für Union’ kanpaina bitxiarekin. Erietxeetan odola eman zuten, eta horrelakoetan jasotzen den eskupeko txikia klubera bideratu. Urtebete beranduago, Alte Försterei bere lehiaketetan aritzeko moduko estadioa ez zela jakinarazi zion Unioni Bundesliga kudeatzen duen DFL erakundeak. Berlingo udaletxera jo, eta hamabi bat kilometrora dagoen Friedrich Ludwig Jahn Sportpark estadioaren maizter bilakatzea eskaini zion klubari Klaus Wowereit alkate ohiak, eta Köpenickeko bere etxea eraberritzeko sosik egongo ez zela gaineratu. Unionek Union erara egin behar izan zion aurre proiektuari: bazkideak lanean ipinita. Eraikinaren atal konplexuenak salbuetsita -estalkia eta bere euskailuak-, 2.300 zalek musu-truk altxatakoa da egungo Alte Försterei. Haien izenak estadioaren erraietan grabaturik daude.

Harmailetara pasatzeko tunel honetan estadio eraiki zuten zaleen izenak ageri dira. Union Berlin.
Harmailetara pasatzeko tunel honetan estadioa eraiki zuten zaleen izenak ageri dira. Union Berlin.

Apaingarririk batere gabeko eraikin soila da Alte Försterei. Bertaratzen dutenek bigarren egongelatzat dute ordea (alemanek asko erabiltzen dute ‘zweite Wohnzimmer’ esamoldea, taberna kutunarentzat adibidez). Urtero ia hogeita hamar mila lagun bertaratu ohi dira Gabon-kantak abesteko. Azkeneko Munduko Kopan, klubak pantaila erraldoia ipini, eta hilabeterako etxetik sofak ekarri eta zelaian ipintzea eskaini zien zaleei. Gauero bete zen ‘WM-Wohnzimmer’ delakoa, Munduko Kopako egongela.

Stadion An der Alten Försterei, argazki panoramikoa. ppsberlin (CC BY).
Stadion An der Alten Försterei, argazki panoramikoa. ppsberlin (CC BY).
Futbola oso da negozio itsusia. Union ardura handiz joan da elitera gerturatzen: transferentziengatik dirutzarik ordaindu gabe, jokalarien eta zaleen arteko lotura zuzen eta naturala bilatuz (Collin Quaner Unioneko aurrelari ohiak jarraitzaile ozenenekin ikusi ohi zituen partidak min hartuta zegoenean). Azken urteetan, lehen mailara igotzetik gero eta hurbilago dabil taldea: berandu baino lehen izango da Bundesligaren goiko koskan. Dirk Zingler lehendakariak kluba Alemaniako hogei onenen artean egonkortu nahi duela adierazi du. Hamazortzi talde aritzen dira lehen mailan. Urte batzuetan goian, eta beste batzuetan oraingo Bundesliga 2an ikusi nahi luke Zinglerrek Union.

Alte Förstereieko arratsalde atseginen ospea Köpenicketik eta Berlin ekialdetik askoz harago hedatu da. Duela hamarkada bat geroztik fenomeno berri bat ari da ematen: hiriburuko auzo guztietatik ailegatzen dira zale berriak. ‘Cool’-a da Union, Berlineko modako blogetako bai ala bai egin behar direnen zerrendetan agertzen da bere partidaren bat ikustera joatea. Eta betiko ‘unioner’-ak sentimendu kontrajarriak ditu. Inork ez du kluba sanktpaulizatzea nahi, auzoko taldea marketin produktu bilakatzea. Beranduegi da akaso.

Eraikinaren atal konplexuenak salbuetsita -estalkia eta bere euskailuak-, 2.300 zalek musu-truk altxatakoa da egungo Alten Försterei. Haien izenak estadioaren erraietan grabaturik daude.

Igoeraren kasuan ere, askok nahiago lukete Bartlebyrena egin eta bigarren edo hirugarren mailan jarraitu, orain arte bezala. DFBk Unioni bere estadioa berriz moldatzeko laster eskatuko diola aurreikusten da. Apenas ditu 3.600 eserleku, Bundesligak exijitzen dituen beste hainbat instalazio ere falta zaizkio. Handituta ere, Alte Förstereien milaka eserleku berri ipintzearekin futbola zutik ikusten duten 18.000 lagunetatik askok eseri beharko lukete. Köpenicken ez da futbola eserita ikusten, 3.600 eserleku horiek legeak derrigortzen dituelako daude hor, horiek dira preseski azkenak saltzen diren sarrerak.

Datozen urteetan, Bayern edo Borussiak Köpenicken jokatuz gero, zure begiko agerkarian Alte Förstereiri buruzko erreportajea topatuko duzu. Zaleek eraikitako estadioa duen taldea, gabon-kantak abesteko juntadizoak egiten dituen zalegoa, hiru orduz geratu ere egin gabe abesten duen harmaila. Unionek auzoko klub normal bat izaten jarraitu nahi du ordea, futbol ustelean hori posible bada.

Alte Förstereiera txangoa egin nahi izanez gero, Unionen webgunean egutegia begiratu beharra dago, eta ondoren guk nahi dugun egunerako sarrerarik geratzen ote den egiaztatu (askotan bazkideek agortzen dituzte). Bigarren mailan, zutikako harmailetarako sarreren prezioa hamabost euro ingurukoa da. 2 (ate baten atzean) eta 3 (zutikako tribuna nagusia) sektoreak dira onenak. Iristeko modurik aproposena S-Bahneko 3 linea hartzea da, Köpenick geltokira arte. Bertatik hamabost minutuko ibilaldi atsegina geratzen da estadiora iritsi arte. Tranbiaren 63 eta 67 lineak ia atean geratzen dira, Alte Försterei du izena geltokiak.

Bidali iruzkina