Teknoaren aitona

Komet Bernhardek bost mila lagun ditu Facebooken, hori baita onartzen den gehienezkoa. Hamar kide berri gehitzeko beste hamar ezabatu behar ditu. Aspaldi aiene batean bizi naiz. Onik gaindituko ote dut hurrengo garbiketa? Teknoaren aitonaren laguna izatea badelako zerbait.


Manhattango Webster Hall izan omen zen gauez dantza egiteko zabaldu zen lehenbiziko klub modernoa. 1886az geroztik darama East Villageko pistak lepo betetzen; egun, New Yorkeko Galiziako Etxearena da eraikina. XX. mendearen hasieran AEBetan bertan, Europako hiriburuetan edo mundu zabaleko kaien altzoan zabaldu ziren diskotekak. Baina ordu txikiak eman arte etxero itzultzeko asmorik gabe kalera irtetearen errutina duela gutxikoa da. Egungoa parranda bere bizimoduan txertatu duen lehen belaunaldi globala da. Ez dago gaztetan astero gaupasak egiten zituen 80 urteko agurerik.

Gure adinekoek -heldu nahi ez dugun Peter Panek- segiko al dugu erretiroa hartura ere noizean behin klubetan burua galtzen? Aitzindari bat badago. Komet Bernhardek (Bernhard Enste jaioa, Mainz, 1948) hamabost urte daramatza astebururo diskoteka eta tekno festibaletan zapatak txikitzen. 50 urte eginak zituela, jaioterrian rave bat topatu eta epifania izan zuen. Ezagutzen ez zuen musika harekin trantzean eman zuen ordu mordoa. Halakorik sarriago non entzuterik zeukan galdetu, eta Berlinen asteburu-pasa bat gomendatu zioten. Azkar mugitu zen hiribura, Frankfurt albora itzultzeko asmorik gabe. Banandurik zegoen ordurako Komet. Helduak ziren bi seme-alaba zituen, baina bat minbiziarekin joana zitzaion urtebete lehenago.

Bizkor bilakatu zen ‘Techno Opa’ (Teknoaren aitona) Berlingo karrikako pertsonaia klasiko. Beti U8 linean gora eta behera, Ritter-Butzke bere klub kuttunean edo beste edozeinetan. Mila bideoklip eta ekitaldietan. Gaua eta dantza dira bizitzako bateriak kargatzen dizkiotenak. Biak faltatakoan, pila agortuko zaio. Bere adinekoak non dabiltzan gustura jakin nahiko luke, ez omen ditu inoiz alboan izaten. Agureak diskoteketara joaten hasiko dira -gara-. Techno Opa ez da ordurako pistan ibiliko ordea. Berlingo pistak, hori bai, ez du Techno Opa ahaztuko.

Azpiko hau Kometi Gipuzkoako Hitzan jarritako artikulua da, 2014an. Beti gertatu moduan, berriz irakurrita ez zait batere gustatu. Norberaren artikulu zaharrak irakurtzea ispiluaren aurrean dantza egitea bezalakoa da.

[Goikoa argazkia Kulturen Karnabalean atera zioten Kometi. Hendrik Wieduwiltena da, CC BY lizentziarekin].


Bizi nadin beti errepidean

Nire idoloen panteoiko apaizburuak Komet Bernhard izena du. 65 urteko erretretaduna da, zilar koloreko batere zaindu gabeko bizar luze-luzeek nahastezin bihurtzen dutena. Druida tankera ematen dioten tunika eta bestelako janzki koloretsuz betetako armairua dauka. Ez dago Berlinen Techno Opa (tekno aitona) ezagutuko ez duenik. Ez baitago festa zoroenetan ordu gehiago emandakorik, ezta bere dantza egiteko modua imitatzeko gai denik ere. Frenetikoak baina aldi berean aszetikoak dira Kometen manerak DJen akelarreetan. Tekno aitona ez, tekno xamana da.

Dominoan eta emaztearekin paseoan eman beharreko egunak drogaz betetako biltegi ilunetan ematen dituen agurea heldugabetasunaren munduko errekorduntzat hartuko duzu, beharbada. Justu kontrakoa da nire iritzia. Ordu txikitan diskoteketan xaboi-burbuilak barreiatzeak betetzen dizkio bere pila alkalino askoak Kometi. Beti errepikatzen die urtetan ezagututako ehunka lagunei halakorik egiten jarraitu ezin duen egunean nahiago lukeela isilik desagertu. Ez du lortuko, zulo galanta utziko baitu dantzalekuaren erdi-erdian.

Hastapenetako hipsterren bizi-hautua —egungo suzedaneo urbanoekin zerikusirik ez duena— errepidea izan zen. Inon kanpamenturik paratu gabe beti aurrerantz jarraitzea, ez zentzu geografikoan bakarrik. Segurantzari eta egonkortasunari uko eginda, baina baita iraganeko oroitzapenei eta nostalgia arriskutsuari bizkar emanda ere. Hipster haien liburuak aspergarri askoak suertatu zitzaizkidan irakurri nituenean, portzierto. Errepidean bizitzea erabakitzen dutenak miresten ditut, ordea.

Munduko beste puntara eramango dion hegaldiaren zain aireportuan bakarrik eta urduri dagoen mutikoa ezagutu nahiko nuke, batere pentsatu gabe duela hilabete ezagutu duen neska txundigarriarekin egoteko guztia uztera doana. Lanpostua utzi eta 45 urterekin Arte Ederrak ikasteko unibertsitatean izena eman duen amarekin kafetxoa gustura hartuko nuke. Besarkada emango nioke Kubara oporretara joan eta bueltako hegazkina hartu ez zuenari. Dantza egitera noan bakoitzean, gauak beste kutsu bat du Komet han badabil.

34 urte eta zilar koloreko ilea dituen majaderoa naiz, gazte plantak egiteko burua tindatzen hasi dena. Aspaldian zaborretan aurkitu nuen peluxezko gepardo erraldoi bat besapean hartuta irteten naiz kalera, joaten naiz oporretara. Pitokeria bat bestearekin kateatzen jarraitzen dut, eta DJen akelarreetan auzo lotsa eragiten dute nire manerek. Tipo irrigarri samarra nauzu, eta nire buruarekin adeitsu izaten ari naiz. Baina errepidean jarraitzen dut, oraingoz.

Bidali iruzkina